Arazoak arazo, aurrera dago egin beharra. Orainak eta luze gabeko etorkizunak beltzak diruditen arren, eguneroko beharra da zulotik ateratzeko bide bakarra.Bielsaren jakituria eta jokalarien konpromisoa uztartu beharko dira egun beltza dena lehenbailehen beste kolore batekoa izan dadin. Inork ez du zalantzan jarri ez argentinarraren balioa, ezta futbolariek irabazteko duten gogoa ere, baina egia da Athletic ez dela ari talde gisa. Hamaikakoko pieza berrien ekarpena eta lehendik zeuden batzuen joko eskasa dira ezinaren arrazoi nagusia.
Atea
Ezbaian dago IraizozAtean hasten dira zuri-gorrien arazoak. Gorka Iraizozen lana zeresan asko ematen ari da. Askorentzat, nafarrak ez du eman harengandik espero zena. Anoetan taldeko onena izan arren, gero eta ozenago entzuten dira haren jokoak goia aspaldi jo zuela dioten kritikak. Oinekin mugatua dela eta aspaldian Athletici ez diola punturik eman kritikatzen dute haren kontrakoek. Era berean, Raul Fernandezek aukera bat merezi duela diote. Kontua da Bielsarentzat Iraizoz dela onena. Zerbaitegatik izango da.
Defentsa
Ia lerro guztia da berriaIraizoz asko kritikatu dute, baina ezin esan daiteke atzelariek asko lagundu diotenik. Athletic da ia inolako zalantza barik Lehen Mailan defentsan erraztasun gehien ematen dituen taldea. Bada, lan horretan atzelariek zeresan handia dute. Eta orain arte, oso eskas aritu dira. Besteak beste, Bielsak ia lerro guztia berritu behar izan duelako. Andoni Iraola da aurreko sasoiko taldetik jarraitutasuna izan duen bakarra. Fernando Amorebieta oraintsu itzuli da taldera, min hartuta egon ostean; eta oraindik bere onenetik urrun dago. Amorebietarekin batera Europa guztia txunditu zuen beste erdiko atzelaria ez dago taldean jada. Jakinekoa zen ezinezkoa izango zela Javi Martinezen lekua betetzea,eta hala ari da gertatzen. Bielsak Gurpegiri eman dio ardura hori. Eta, oraingoz, ezinean ari da. Sekula ez da gai izango Aiegikoaren mailara ailegatzeko, baina berari eskatu behar zaionera gerturatzeko ere asko falta zaio oraindik. Eta bukatzeko, ezker hegala dago. Athleticeko teknikariek urteak daramatzate postu hori behar den moduan beteko duen futbolari bat aurkitu guran. Oraingoz, ez dute lortu. Aurreko sasoian, Jon Aurtenetxek jokatu zuen. Asko hazi zen, baina denboraldi-aurrean min hartuta egon da, eta ezin izan dio iaz hasitako bideari jarraitu. Haren lekua betetzeko, Iñigo Perez aukeratu zuen Bielsak. Min hartu zuen arte, hainbestean aritu zen. Ezin zaio gehiago eskatu. Orain, berriz, Xabi Castillo ari da. Azken urte eta erdian oso gutxi jokatu du, eta konfiantza barik dago. Jokatzen jarraitu gura badu, orain arte baino gehiago arriskatu beharko du erasoan.
Zelai erdia
Iturraspe salduta dagoAtzealdean gabeziak izan arren, Athleticen gaitz gehienen iturri nagusia zelai erdian dago. Ander Herreraren lesioak eta Bielsaren erabakiek oreka galtzea ekarri dute. Herrerari dagokio atzealdearen eta erasoaren arteko lotura egin eta taldeari patxada ematea. Haren ardura da Athletici une bakoitzean komeni zaion erritmoa jartzea, baina ez da gai izan hori egiteko; min hartuta jokatu duelako, hain zuzen. Eta, arazo fisiko horiek konpontze aldera ebakuntza egitea erabaki zuenez, azken hilabetean jokatu ezinda egon da. Herreraren lekua betetzeko Bielsak hartutako erabakia ere ez dirudi onena izan denik. Iker Muniaini eman dio ardura hori. Baina Muniain zerbait bada, erasoko jokalaria da. Area inguruan da arriskutsua. Haren jokalekua metro batzuk atzeratuz gero, asko galtzen du. Galdu egiten du eraginkortasuna erasoan, eta defentsan ere sarri geratzen da lekuz kanpo. Ondorioz, Ander Iturraspek zaindu beharreko zelai zatia larregi handitzen da. Salduta egoten da sarri. Bada, horrek guztiak desoreka sortzen du Athleticen. Bi zatitan hausten da taldea.
Erasoa
Aduriz, aukera barikZelai erdian zuloa badago, nekez egin daiteke lan ona erasoan.Beraz, sasoi honetarako Athleticek egin dituen bi apustu nagusien ekarpenak ere behera egin du neurketak jokatu ahala. Isma Lopezek indar handiz ekin zion gorengo mailan hasi berri duen ibilbideari. Gehien nabarmendu zen jokalarietako bat izan zen lehen partidetan. Baina azken asteotan, behera egin du nabarmen. Erasoan oso gutxi egin du, eta defentsan ere zailtasun handiak izan ditu. Athleticek garesti ordaindu ditu berari dagokion jokalaria zaintzerakoan izan dituen kontzentrazio hutsak. Gero eta gehiagok egiten dute Ibai Gomezen alde. Aritz Aduriz ere gutxi agertu da azken hiruzpalau partidetan, baina ezin zaio gauza handirik aurpegiratu, taldeak ezer gutxi egin baitu erasoan. Eta, aukerarik sortu ezean, ezinezkoa da erdiko aurrelaria nabarmentzea. Hala ere, sasoia hasi zenetik, bost gol sartu ditu. Gabezia ez dago erdiko aurrelariaren postuan.