Okerra zuzendu du

Miarritzek, espero zen bezala, oso aise irabazi dio Aironiri (34-3), eta sendo dago bere multzoko lidergoan

Imanol Hariñordoki pase bat emateko zorian, atzoko partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Miarritzeren ibilbide gorabeheratsuak jarraitzen du. Aironiren aurkako ezustekoak ez zuen bigarren kapitulurik izan, eta atzo, logikak agintzen duen bezala, erraztasun osoz irabazi zion Italiako hamabostekoari. Etxeko lanak egitea galdegin zioten Jean Mixel Gonzalez eta Jack Isaac entrenatzaileek jokalariei, eta aldi honetan entzun egin zieten. Arrakasta borobila izan da, lau entsegu sartuta erasoko puntu gehigarria eskuratu baitu Agilerako taldeak, eta bere multzoko lehen postuan sendo kokaturik dago 16 punturekin.

Final-laurdenetara pasatzeko dema, Ulsterrekin jokatuko da, baina ikusteke dago Irlandako taldeak zer emaitza lortuko duen eguerdi honetan. Ingalaterrako Bathekin galduz geroz, Miarritzeri autopista zabalduko zaio aitzina pasatzeko, garaipen bateko baino alde handiago egonen baita lehen eta bigarren sailkatuaren artean.

Partida fite erabakita

Atzo gauzak aski fite erabaki ziren Miarritzerentzat. Lehen zatiko hogeita bigarren minutuan epaia luzatuta zegoen, Miarritze 20-0 ezarri baitzen aitzinetik. Balshawek sartu zuen lapurtarren lehen entsegua, eta aitzinekoen jokaldi luze bati esker, zigor entsegua lortu zuen gero.

Erasoko puntu gehigarria lortzeko, pixka bat gehiago itxoin behar izan zuen Agilerara hurbildutako zalegoak, baina hor ere ezustekorik ez zen izan. 56. minutuan iritsi zen puntu preziatua ekarri zuen Miarritzeren aldeko laugarren entsegua. Benoit August aztalkariak berriz ere Miarritzeko aitzinekoen nagusitasuna saritu zuen, entsegua sartuz, eta Agilerako harmailetara lasaitasun ederra ekarriz.

Hamar minutu lehenago, Takudzwa Ngwenya AEBtako hegalekoak sartu zuen lapurtarren aldeko hirugarren entsegua. Ngwenyak bere aitzinekoen nagusitasuna baliatu zuen, uztartze baten ondotik baloia jaso eta entsegua sartzeko.

Ordurako 34-0 zegoen markagailua miarriztarren alde, eta Aironi puntu bakarra sartzeko gai ez zela bazirudien. Hala ere, Italiako hamabostekoak ohorea salbatzea lortu zuen, Augusten entsegua eta bost minutu beranduago zigor kolpea sartuz. Viadanan maisu izan zen Tebaldirentzat hura izan zen partidan zerbait erakusteko aukera bakarra.

Gauzak berriz bideratu eta gero, izpiritua lasaiturik ekiten ahalko dio hurrengo astean Top 14ari Lapurdiko kostaldeko taldeak. Beste erorikorik ez du nahi gehiago Miarritzek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.