Miamik aurrerapauso handia eman du NBAko eraztuna irabazteko. Banakoa lortu zuen bart Oklahoman, eta orain bere etxean, Miamin erabakitzeko aukera izanen du, Floridako hiri hartan jokatuko baitira hurrengo hiru partidak. 96-100 irabazi zuen Miamik, partida hasiera bikainari esker. Izan ere, 2-18 aurreratu ziren ekialdekoak, eta Oklahomak gorriak ikusi zituen kontrako alde hori murrizteko.
Gehienez ere, hiru punturaino hurbildu zen Oklahoma. Baina, orduan, izenez apal baina talentuz handi den jokalari bat agertu zen: Shane Battier. Miamiko hegalekoa izugarri ondo moldatu zen hiruko lerrotik jaurtitzeko orduan. Hegalekoa zazpi aldiz saiaatu zen, eta bostetan saskiratu, Oklahomako jokalariek LeBron James eta Dwyane Wade izarrei eginiko zaintza bikoitzei etekin handia aterata. Zaintzak zaintza, lan bikaina egin zuen hamaikagarrenez Jamesek, eta 32 puntu lortu zituen. Chris Boshek ere partida ona jokatu zuen: 16 puntu eta 15 errebote, zortzi erasoan. Bosh hasierako bostekoan kantxaratu zen, sabelean mina hartu zuenetik lehen aldiz, eta bikain jokatu zuen.
Oklahomari dagokionez, Durant izan zen onena: 32 puntu; 26 bigarren zatian. Westbrookek 27 puntu lortu zituen, eta James Hardenek, beste 21. Hortik aurrera, ordea, ezer gutxi.
Oklahoman irabazi, banakoa lortu eta bere alde jarri du finala Miamik
2-18 aurreratu dira Floridakoak hasieran, eta kontrakarrean aritu da ondoren Oklahoma; Battier izan da onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu