De Pedro-Reala

Olabek dio De Pedrok Realean ez jarraitzeko erabakia "teknikoa" dela

Roberto Olabe Realeko kirol zuzendariak prentsaurrekoa eskaini duen gaur goizean Zubietan De Pedrori kontratua ez berritzeko arrazoiak argitzeko. "Erabakia ikuspegi teknikotik hartu dugu soilik, ez da tarteko arrazoi pertsonalik", adierazi du Olabek. Kirol zuzendariak jokalariari bere lana eskertu dio Realean egon den urteetan egindako lanarengatik, eta futbolari zein pertsona bezala, De Pedrori "eskertza eta errespetua zor" diotela nabarmendu du. Halaber, beste jokalari batzuei lehentasuna emateko garaia dela azpimarratu du.

2004ko martxoaren 1a
17:00
Entzun
"Eskertza eta errespetua zor diogu De Pedrori, bai jokalari bezala zein pertsona bezala, Realean izan duen jardunbidea kontutan izanik. Ez da erraza izan erabaki hau hartzea. Klubarentzako onena zer den pentsatu behar dugu eta nahiz eta jokalariak azken hamar urteetan egin duen lana kontutan hartu dugun, pentsatu behar dugu ekainaren 30etik aurrera beste elementu batzuekin egin behar dugula lan. Agian beste jokalari batzuei lehentasuna emateko garaia iritsi da, etorkizunean gazte hauek, Javik hamar urteetan zehar eman digun maila berbera eman diezaguten", esan du Realeko arduradunak eta zera gehitu du: "Iritzi hau ikuspegi teknikotik hartu dugu soilik ez da tarteko zergati pertsonalik".

 

Kazetariek Aranzabal eta De Pedroren kasuak parekatu dituzte eta Olaberi galdetu diote ea zergatik bati kontratua berritu zaion eta besteari ez. Gasteiztarrak eskatu du "jokalarien artean konparaziorik ez egitea. Bakoitzak egoera kontraktual berezia du eta kasu bakoitza era ezberdinean baloratu behar dugu. Jokalari bakoitzak maila bat ematen du taldean eta horren arabera egiten dira balorazioak. Ezin gaitezke bien egoerak konparatzen hasi", esan du.

 

Zuzendariak zera aitortu du: "Egoera ez da batere atsegina, eta are gutxiago niretzako. De Pedrorekin harreman hestua izan dut maila guztietan. Baina erabaki hauek klubarentzako onena egiten dugulakoan hartzen dira eta kluba gure gainetik dago". Realeko kirol arduradunak esan du ere De Pedroren afera "erarik onenean kudeatu" dela Realaren aldetik. "Javirena errespeturik handienarekin egiten ari gara. Bai pertsona eta bai jokalari bezala De Pedro errespetatuz. Javi taldeko jokalari bat gehiago da eta maila ona ematen ari da, baina ez naiz ni bere lana baloratuko duena. Ezusteko egoerak eman dira eta horiek eragin dute berak ez jokatzean, baina ekainaren 30a arte Realeko jokalaria izango da eta berak jokatzen dituen minutu guztietan jokalari garrantzitsua izan behar du Realarentzako".

 

De Pedrorengatik izan diren eskaintzei buruz ere mintzatu da zuzendari teknikoa. "Nik ez nituzke eskaintzak deituko, baizik eta solasaldiak. Eskaintzak behar diren bezala egiteko, klubek egin behar dituzte eta alde honetatik Realak ez du kontutan hartzeko ezer jaso", esan du. Halere, arduradun teknikoak aipatu du "Javi gaur egun gurekin badago, guk nahi izan dugulako" dela.

 

Jokabide profesionala

Olabek De Pedroren jokabidea zuzena izan dela aipatu du. "Klubak ez dio sekula gaitzespen edo kexarik egin jokalariari. Bere jokabidea momentuoro egoerak esijitzen duen mailara egokitu da. Egunero hitz egiten dut arlo ezberdinetako arduradunekin eta informazio zehatza dut. Ez zegoen De Pedroren eskuetan berak izan dituen arazoak konpontzea. Realak araudi bat du eta ez dio sekula zigorrik jarri jokalariari. Bere jokabidea profesionala izan da momentuoro".

 

Robertok aipatu du De Pedrori eskaintza txarragoa egitea ez legokeela ondo. "Hori beste aukera bat zen. Berari diru gutxiago eskaintzea baina ez litzakete koherentea izango ezta zuzena ere. Erabaki teknikoa da guztiz", esan du. Zuzendari teknikoak zera argitu du gainera: "Zorte handia dugu klub honetan, izan ere, zuzendaritzak teknikoei uzten baitie bere alorrean hartu behar diren erabakiei buruzko ardura. Bai gauza onak zein txarrak direnean. Zuzendaritzak egiten duen gauza bakarra erabaki horiek baieztatzea eta konfirmatzea da. Javiren kasuan, ez dago tarteko pertsonalik eta zuzendaritza izan da honi buruz jakin izan duen azkena".

 
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.