Hasiberria ez da, baina orain kontrario dituenengandik urruti ikusten du bere burua, nonbait. Hori da atzo Mikel Olaetxeak Iruñeko Labrit frontoian esandakoetatik ondoriozta daitekeena. Larunbatean jokatuko du han, lau t'erdiko txapelketa nagusiko partida, Patxi Ruizen kontra. Aurtengo lehenengoa da, baina maila horretan jokatuko duen bigarrena. Joan den ekitaldian Julen Retegiren kontra hastea egokitu zitzaion. 22-8 galdu zuen, eta hura hobetzea du helburu. «Iaz izan nuen lehen aukera. Ustez, ongi prestatuta joan nintzen orduan ere, baina 22-8koarekin bueltatu behar izan nuen etxera», esan zuen atzo Olaetxeak Euskadi Irratian.
Umiltasunez mintzatu zen Lizartzakoa. «Ni, Ruiz eta horien aldean, ez naiz inor. Badakit hemen beste maila bat dagoela. Denok dakigu Ruizek ze kolpe daukan, ze abiadura ematen dion pilotari. Nitro torneoko finalerdietan Bengoetxearen VI.aren kontra jokatu zuen eta hogei tantotan gelditu zen. Gauzak oso ongi dauzkat egin beharra Patxi Ruizi irabazteko». Eta gauzak ongi egin behar horretan, taktika dauka oso argi: «Ez diot piloteoa luzatzen utzi behar. Ahal dudan bakoitzean erasora joango naiz». Piloten aitzakiarik ez du izango, atzo aukeratutakoekin konforme gelditu baitzen. Patxi Ruiz ere bai.
Xala eta Arretxe II.a, Sodupen
Sodupen (Bizkaia) egin zen atzoko beste pilota aukeraketa. Xala eta Arretxe II.a aritu ziren han. Ez zen arazorik izan pilotekin. Belauna osatu zaiola baina oraindik beldur apur bat duela esan zuen Xalak bertan. Gaur hiru pilota aukeraketa egingo dira. Gernikan, Berasaluze VIII.a eta Olazabal ariko dira (16:00). Eibarren, Zubieta eta Urrutikoetxea batetik, eta Barriola eta Saralegi bestetik (11:30).
Olaetxea: «Ni, Ruizen aldean, ez naiz inor; badakit hemen beste maila bat dagoela»
Lizartzakoak iaz jokatu zuen lehen partida lau t'erdiko nagusian, eta 22-8 galdu zuen; hura hobetu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu