LABURRAK
=b- Paul olagarroak 'asmatu' du berriro.=b Paul olagarroa da mundialeko izarretakoa. Ez dago Hegoafrikan, Alemanian baizik, Oberhausengo akuarioan, eta Alemaniaren partidetan nork irabazi beti 'asmatu' du. Haren azkeneko pronostikoa Alemania-Espainia finalerdiari buruzkoa zen, bideoan ageri dena: Espainia aurrera. Eta hala izan da. Alemaniaren partida bakoitzaren aurretik bi muskuilu jarri dizkiote Paul-i, bi selekzioen herrialdeetako banderak dituen kaxa batean. Olagarroak zein muskuilu jan, honen kaxako banderaren selekzioak irabazi. Munduko Kopan beti 'asmatu' du: Argentina, Ingalaterra, Ghana eta Australiaren aurka Alemaniak lortutako garaipenak, eta Espainia eta Serbiaren aurkako porrotak.
- Bi lagun atxilotu ditu Ertzaintzak Bilbon, Espainiaren partidaren ostean. Atzo Espainia eta Alemaniaren arteko partida amaitu ondoren, Ertzaintzaren furgoneta bat agertu zen San Inazio Bilboko auzoko elkarte batera, barruan zeuden herritarrak identifikatzeari eta mehatxatzeari ekin zion aurrena, ondoren tabernan bertan kargatu egin zuen eta bi lagun atxilotu zituen, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) gaur esan duenez. Lagun bat Basurtuko ospitalera eraman zuten, burua odoletan zuela. "Ertzainek borraz emandako kolpe batek zauri sakona eragin zion". AAMk Ertzaintzaren "basakeria" salatu du.
- Istiluak Iruñeko pantaila erraldoian. Istiluak egon ziren atzo Iruñeko peñen eta Gazteluko Plazan Espainia eta Alemaniaren arteko partida ikusteko bildutakoen artean. Iruñeko Udalak pantaila erraldoia jarri zuen partida ikusteko, eta peñek egun osoko aldarriarekin jarraitu zuten bertan. Euren pankarta beltzekin sartu ziren plazan eta tentsio handiko uneak egon ziren bertan bildutakoekin. Peñetako kideak , Alemaniako banderak eskuan hartuta, pantailaren aurrean jarri ziren. Eztabaida borroka bilakatu zen, eta partida ikusteko bildutakoek pankarta bat hautsi eta guzti egin zuten. Igandean Espainiak finala jokatuko du eta Udalak berriz ere pantaila erraldoia jartzeko asmoa du.
- Erabaki gabe dago Kopa nork emango duen. Igandean da final handia, eta Munduko Kopan eta horrelako lehiaketetan zehaztuta egon ohi dira protokolo kontuak, baina antolakuntza batzordeak aitortu du oraindik ez dakitela Munduko Kopa nork emango dion irabazleari. Finalean izango diren agintarien zerrenda ere guztiz zehaztu gabe dago oraindik, eta ez dute baieztatu Nelson Mandela finalean izango den edo ez.
ESANAK
- Vicente del Bosque (Espainiako selekzioko hautatzailea). "Egundoko partida jokatu genuen Alemaniaren aurka".
- Manuel Neuer (Alemaniako jokalaria). "Finalera ez sailkatzea dezepzio handia da, baina pozik egon beharra dugu, mundial ona egin dugulako".
- Philipp Lahm (Alemaniako jokalaria). "Ez dut batere gogorik kontsolazio finala jokatzeko".
- Julio Grondona (Argentinako Futbol Elkarteko burua). "Maradona da herrialde honetan nahi duena egin dezakeen pertsona bakarra. Ni? Ni ez naute nire kargutik kenduko hiltzen naizen arte".
- Laurent Blanc (Frantziako hautatzaile berria). "Gillotinara noan sentsazioa dut oraintxe bertan. Espero egoera aldatzea".
DATUAK
- Finaleko sarrera denak, salduta. FIFAk adierazi du Herbehereak-Espainia mundialeko finaleko sarrera guztiak agortu direla. Johannesburgon izango da partida, igandean (20:30), Soccer City estadioan; 94.700 ikusle sartzen dira. Larunbatean kontsolazio finala jokatuko dute Uruguaik eta Alemaniak, Port Elizabethen, eta estadioa betetzeko 2.700 sarrera falta dira saltzeko; 48.000 ikusle sartzen dira estadioan.
- Lau partidako zigorra Antici.Radomir Antic Serbiako hautatzaileari lau partidako zigorra jarri dio FIFAk, mundialeaan Serbia-Australiako epaileari kritika gogorrak egin zizkiolako. 10.500 euroko isuna ere ipini dio.
laburrak, esanak, datuak
Olagarroak 'asmatu' du berriro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu