Binakako txapelketako bi partida jokatuko dira gaur: Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan (17:00, Nitro) eta Zallako Mimetizen (17:30, Nitro). Olaizola I.a eta Belokiren azken trena Idiazabaldik pasatuko da, Bengoetxea eta Ruizen aurka irabazi ezean ia ezinezkoa dutelako finalerdietan sartzeko aukerari bizirik eustea. Zallan, berriz, sasoi oso onean dauden bi bikote ariko dira nor baino nor gehiago, eta, irabaziko balute, Olaizola II.ak eta Beginok ia matematikoki lortuko lukete finalerdietara pasatzea. Bi partidak telebistaz emango dituzte, txapelketako partida aurrenekoa baita Idiazabalgo jaialdian.
Asteburu honetako jardunaldiaren ondoren, bost lehia faltatuko dira aurreneko ligaxka bukatzeko, eta pilotarien kalkuluetan, asko jota, bost garaipenekin bikote bakarra sailkatuko dela agertzen da. Beraz, hurrengo astera puntu bakarrarekin iristeak aurrera egiteko itxaropenei agur esatea dakar. Ataka horretan daude Olaizola I.a eta Beloki, eta, gainera, azken partidako bizkarreko gogorraren ondoren; Titin eta Pascualen aurka 19-17 irabaziz joan ondoren galdu baitzuten. Euren egoera larria da, baina ez da askoz hobea Bengoetxea eta Ruizena, azken bi partidak galduta bi puntu bakarrik baitituzte.
Finalerdietan sartzea
Zallako pilotaleku lakarrean indarrak neurtuko dituzten bikoteen egoera desberdina da. Olaizola II.ak eta Beginok Xalaren eta Barriolaren aurka itxura oso sendoa eman zuten iragan astean, eta seigarren puntua lor dezakete, uste orokorraren arabera finalerdietarako sailkapena ziurtatzen duena. Aurrean,berriz, Berasaluze VIII.a eta Apraiz azken asteetako mailari eusten saiatuko dira. Azken bi partidak irabazi dituzte, ondo jokatuta. Apraizen sasoia nabarmentzekoa da, berak agindu baitu, eta gaur lehia ikusgarria izango du Beginorekin.
Olaizola I.a-Belokik ia ezinbestekoa dute gaur irabaztea
Bengoetxea VI.a-Ruizen aurka jokatuko dute Idiazabalen. Zallan, berriz, sasoiko dauden bi bikote ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu