Itxaropen handirik ere ezin da eduki sailkapenari begiratu eta sei partidatan garaipen bakarra lortu dutela ikusita. Asier Olaizolaren eta Ruben Belokiren kasua da hori. Irabazi beste erremediorik ez zeukaten atzo Idiazabalen Binakako Txapelketan aurrera egiteko aukeraren bat edo beste edukitzeko. Baina partida hastearekin batera nabarmen geratu zen Oinatz Bengoetxea eta Patxi Ruiz osoago zeudela. 0-4, 1-6, 2-7... Bengoetxea VI.ak tantoak nola amaitzen diren erakutsi zuen hasiera horretan. Ruizek atzeko koadrotan mantendu zuen Beloki une oro, eta leitzarrak gozatu egin zuen errematea batean eta errematea bestean. Sasoiko dago aurrelaria, eta nabari zaio gorputzean eta jokoan.
Ezker gantxo ederrarekin, Olaizola I.ak markagailua estutzea lortu zuen (5-8), baina hortxe eman zuten amore atzoko galtzaileek. 1-8ko partzial argiarekin, eta goizuetarraren azken bi huts nabarmenekin, erabat hautsi zen partida (6-16). Olaizola I.ak egiten zuena —zortzi tanto on egin zituen—, Belokik desegiten zuen. Tanto nahasian, Olaizola I.ak buruz gain pasatu zion pilota Ruizi 9-19koan. Baina horixe izan zen galtzaileen azken tantoa. Gehiegi sufritu gabe lortu zuten Bengoetxea VI.ak eta Ruizek txapelketako hirugarren puntua, eta finalerdiei begira jarri dira jada. Aurkari gehienekin alderatuta, tanto alde polita daukate atzoko irabazleek, eta beste hiru partida irabazita, horrek ireki diezaieke finalerdietako atea.
Gonzalez-Laskurain, goraka
10-10ekoan partida gogor eta polita jokatzen ari ziren Titin III.a-Pascual, Gonzalez-Laskurainen aurka, baina herenegun Covaledako partidako bigarren zatiak ez zuen kolorerik izan. Gonzalezek eta Laskurainek hamabi tanto egin zituzten bata bestearen atzetik, eta 10-22 irabazita, bete-betean sartu ziren finalerdietarako lehian. Bina partida irabazita eta launa galduta daude bi bikoteak.
Gaur, berriz, seigarren jardunaldiko azken partida jokatuko da Eibarko Astelenan: Martinez de Irujo eta Merino II.a, Xala eta Barriolaren aurka.
Olaizola I.a eta Beloki ia aukerarik gabe geratu dira txapelketan (9-22)
Oinatz Bengoetxeak erakustaldia eman du aurreko koadroetan, eta hastearekin batera hautsi da partida
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu