Olaizola II.a-Beroiz Irujo-Merino II.aren aurka Gasteizen

Andre Mari Zuriko torneoko lehen finalerdia jokatuko dute gaur Ogetan, eta ez dago faborito garbirik

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Enpresek nahi zuten partida izango dute gaur Gasteizko Ogetan (17:30, Nitro). Olaizola II.a-Beroizek eta Irujo-Merino II.ak Andre Mari Zuriko torneoko lehen finalerdia jokatuko dute. Jakina da Irujo eta Olaizola II.aren arteko partidek sortzen duten ikusmina, eta biak finalerdietan eta larunbatez elkartzea erabaki zuten enpresek. Irabazleek hilaren 9an jokatuko dute finala.

Aurtengo udan lehenbizikoz jokatu dute elkarren aurka Irujok eta Olaizola II.ak. Jaialdi misto gutxi jokatu dira, eta Iruñeko ferian ez zituzten indarrak neurtu. Azkenekoz buruz buruko txapelketako final-laurdenetan jokatu zuten, eta ordukoan Olaizolak irabazi zuen. Bi aurrelariak sasoiko iritsiko dira gaurko partidara, azken asteetan ez baitute partida askorik izan. Irujok, esaterako, hiru jokatu ditu azken hamahiru egunetan, eta Olaizolak beste hainbeste azken hamabost egunetan. Egia esan enpresak ez dira ari jaialdi asko jokatzen.

Atzelariei dagokienez, biak uda ona egiten ari dira. Beroizek hamar partida jokatu ditu Asegarcera iritsi zenetik, eta erdiak irabazi. Iruñeko torneoa jokatu zuen, eta lehen egunetik aritu da estelarra jokatzen. Merino, berriz, enpresak emaniko konfiantza eskertzen ari da, eta Gasteizkoa du bigarren torneoa. Azken bi asteetan bost partida jokatu ditu, eta lau irabazi.

Urriza Utergaren aurka

Buruz buruko Kutxa erremonte txapelketa gaur hasiko da, Galarretan (16:00), Javier Urriza eta Xanti Utergaren arteko lehen faseko ligaxkako partidarekin. Lehia orekatua espero da, biak aurrelariak baitira, ezaugarri desberdinekoak baina. Urriza fisikoki ahaltsua da; Uterga, berriz, trebea. Iaz ere elkarren aurka jokatu zuten, eta txapelketako partidarik onena izan zen. Utergak 30-28 irabazi zuen, aurkako 24-18koari buelta eman ondoren. Urrizarentzat lehen partida da; Utergarentzat, berriz, hirugarrena, atariko fasea jokatu zuelako. Ligaxkako bigarren partida bihar jokatuko da, bi txapeldun ohiren artean: Zeberio II.ak Urrutia izango du aurkari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.