Olaizola II.a eta Beroiz, Gasteizko torneoko finalera

Finalerdi gogorra jokatu dute, txapelketa bateko kutsukoa, eta 22-13 irabazi diete Irujo eta Merino II.ari

Olaizola II.a, makurtuta, Beroizen pilotakada saihestu nahian. IÑIGO URIZ / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Olaizola II.ak eta Beroiz Gasteizko Andre Mari Zuriko Torneoko finalean sartu ziren atzo, Irujo eta Merino II.ari 22-13 irabazita. Etzi jokatuko dute finala, gaur Xala-Albisuk eta Bengoetxea VI.a-Beginok Ogetan jokatuko duten partidako irabazleen aurka (17:00, ETB1). Azken hauek Titin III.a-Zubietari irabazi zieten herenegun final-laurdenetan (22-12).

Torneoko lehen finalerdiak binakako txapelketa bateko partida baten antz handiagoa izan zuen udako feria bateko finalerdi batena baino. Ia ordu eta erdiko partida izan zen, gogorra, eta Merinoren lesioak baldintzatu zuen. Partida erdialdera mina hasi zitzaion ezker hankan, eta herrenka jokatuz bukatu zuen. Pare bat aldiz joan zen aldageletara, baina, partida bertan behera utzi beharrean, sufritzen jarraitu zuen.

Beroiz izan zen onena. Merinok ahal izan zuen bezala eutsi zion, baina aldea aurrean egon zen. Olaizola II.a, haizea alde, trebe aritu zen tantoa bukatzeko garaian. Irujok, berriz, gozakaitz jokatu zuen. Tanto politak egin zituen, baina gehiago izan ziren hutsak, bereziki Merinoren lesioak behartuta gehiago arriskatu behar izan zuenean.

Irabazleek hobeto ekin zioten partidari (6-1), eta ondo eutsi zioten aldeari. Merino 10-5ekoarekin hasi zen herrenka, eta hortik aurrera gorriak gehiago izan ziren. Sufrimendu keinuak agerikoak ziren, eta 17-10ekoarekin hamar minutu egin zituen aldagelan. Itzuli zen, baina ez sasoi betean, eta Asegarcekoek ondo baliatu zuten aurkariaren ezina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.