Aimar Olaizolak pasea du bere sasoi punturik onena. Ez dago gaizki, ezta urrundik ere, baina hark atzoko pilota aukeraketan onartu zuenez, duela hilabete sasoi hobean zegoen. «Ez da nekea, ondo jokatzen ari naiz, baina egia da ez nagoela duela bi asteko puntuan. Tantoa egitea gehiago kostatzen ari zait, freskotasun pixka bat falta zait». Larunbatean Xalaren aurka jokatuko du, eta ez du espero partida errazik. Dena den, eta sasoia sasoi, apustuak nabarmen izango ditu alde: doblean.
Bi aurrelariek gustuko pilotak aurkitu zituzten; hori bai, ezaugarri desberdindunak. Olaizolak «gustukoak» aurkitu zituen, ez iragan astean bezala. Goizuetakoaren kexek oihartzuna hartu zuten, hura ez baita pilotei buruz asko hitz egiten dutenekoa. Olaizolak 103,8 eta 104,8 gramoko pilotak aukeratu zituen, frontisetik gutxi irten eta behetik dabiltzanak. Xalak, berriz, 105,2 eta 104,6 gramokoak, bote handiagokoak eta mugitzeko errazagoak.
Labriteko bigarren pisuko harmailako sarrera guztiak salduta dauden arren, pilotalekua ez da beteko. Halere, sarrera ona egongo dela ziurtzat jo daiteke. Gaur Irujok eta Barriolak aukeratuko dituzte pilotak, Eibarren (11:30).
Olaizola II.a: «Ez da nekea, baina kostzen ari zait tantoa egitea»
Goizuetakoak eta Xalak gustuko pilotak aurkitu dituzte larunbaterako; Labrit ez da beteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu