Olaizola II.ak aste bukaeran egingo du lehen pilotalekuko proba serioa

Pilota bigunarekin aritu da, eta ezin izan dio minari eutsi; gaur medikuarengana joango da berriz

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Aimar Olaizolak oraindik ezin du ziurtatu abenduaren 4an finala jokatzeko moduan egongo den ala ez. Bederatzi egun pasa dira ezker eskuko hatz luzeko puntako hezurra hautsi zuenetik, eta, tarte horretan oinazeak nabarmen hobera egin duen arren, pilotariak ez daki finalerako sasoi betean egongo den. Herenegun proba arina egin zuen, eta ezin izan zion minari eutsi. Gaur, berriz, medikuarengana joatekoa da, hatza azter diezaion. Olaizola II.aren nahia bihar pilotalekuko proba gogorra egitea da, hatzean babes bat jarrita.

«Garrantzitsuena hantura jaitsi dela da, baina sendatze prozesua guk nahiko genukeena baino mantsoago doa. Nahiko berde ikusten dut oraindik», aitortu zuen atzo Olaizola II.ak. Logikoa denez, prestaketa aztoratu dio. «Herenegun proba egin nuen etxean, pilota bigunarekin. Paretatik metro batera jarri, eta ezin nuen. Intentzioa gaur edo bihar proba egitea zen, baina zail ikusten dut. Nahia, orain, aste bukaeran pilotalekuko proba bat egin ahal izatea da».

Atzerapen bat eskatuta, arautegiak, teorian, jakina baita EPELen arautegiak malguak direla, ez luke beste atzerapenik onartuko. Iñigo Salbidea Asegarceko gerenteak herenegun esan zuenez, Olaizola II.a abenduaren 4an jokatzeko moduan ez balego Abel Barriolak ordezkatuko luke. Leitzarrak, halere, berak ez duela jokatuko adierazi zuen herenegun, ziurtzat jotzen duelako Olaizola sendatuko dela. Bien bitartean, Juan Martinez de Irujok jakinarazi du «Olaizolak behar adina denbora» itxarongo duela. Iberokoak pilotalekuko entrenamendua egingo du gaur goizean Bilboko Bizkaia pilotalekuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.