Berasaluze-Begino 14. Olaizola II.a-Apraiz 22

Olaizola II.ak eta Apraizek irabazi dute sanantolinetako finala

Partida eskasa izan da, eta Goizuetako aurrelaria izan da nabarmendu den pilotari bakarra

Erredakzioa
Bilbo
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Aurreko koadroetan Pablo Berasaluze eta Aimar Olaizola lehian egonda, zaila da ikuskizunik ez egotea. Hori uste zuten ere atzo Lekeitioko Santi Brouard pilotalekura hurbildu zirenek. Baina ez. Ikuskizun arrastorik ez zen izan sanantolinetako torneoko finalean. Hutsak izan ziren nagusi, hutsak aurrean eta atzean. Olaizola II.a izan zen salbatu zen bakarra. Goizuetakoa fresko dago astebeteko atsedena hartu ondoren, eta atzo erakutsi zuen. Ez zen ikusgarri aritu, baina bai oso eraginkor. Horri aurkariek egindako partida eskasa gehituz gero, argi dago zein izan zen emaitza: garaipena Olaizola II.arentzat eta Alexis Apraizentzat (14-22).

Irabazleek oso ondo ekin zioten partidari. Zortzi tanto egin zituzten jarraian. Berasaluze VIII.a eta Aritz Begino saiatu ziren gora egiten, baina aldea murrizten hasten ziren bakoitzean hutsen bat egiten zuten, Beginok batez ere. Auzako atzelariak uda bikaina egin du, baina atzo huts dezente egin zituen. Apraizek ez zuen beste munduko jokorik egin, baina, hala ere, Begino baino gehiago izan zen. Atzelariak, gainera, ez zuen beste egunetako Berasaluze izan ondoan. Berrizkoak tanto on pare bat egin zituen, baina ezer gehiagorik ez. Atzokoarekin lau dira jada Lekeition galdu dituen finalak.

Iraupena. 54.49 minutu.

Pilotakadak. 467.

Sakez. Berasaluze VIII.ak hiru, Olaizola II.ak alerik ez.

Markagailua. 0-8, 3-8, 3-11, 6-11, 6-12, 7-12, 7-16, 9-16, 9-17, 13-17, 13-20, 14-20 eta 14-22.

Bestelakoak. Jende mordoa bildu zen Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuan, San Antolin festetako egun nagusian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.