Olaizola II.ak eta Beroizek bide zuzenean jarraitzen dute, eta atzo ere irabazi egin zuten Arretxe II.aren eta Beginoren kontra, Tolosako Beotibarren (22-11). Neurketaren lehen zatian aurre egiteko gai izan ziren galtzaileak, partidaren erdira lau tanto atzetik zirela iritsi ziren (14-10), baina hortik aurrera jaun eta jabe izan ziren liderrak. Olaizola II.ak aginte makila hartu, eta ez zuen barkatu aurreko koadroetan. Hala, ligaxkako bederatzigarren garaipena lortu zuten, eta partida alerik galdu gabe jarraitzen dute. Finalerdietan sartzeko egin beharreko lanak ia amaituta dauzkate dagoeneko.
Txanponaren beste aldean daude Arretxe II.a eta Begino. Atzo ere gogotik saiatu ziren, baina alferrik. Txapelketa amaitu baino lehen punturen bat lortzea da euren helburua, baina ez daukate lan samurra. Begino beste partidetan baino hobeto ibili zen atzo, baina oraindik ez dago bere ohiko mailan. Eskuin kolpean freskotasuna falta zaio.
Olaizola II.ak eta Beroizek Irujok eta Barriolak osatzen duten bikotea izango dute aurkari datorren larunbatean Bilbon. Aspek atzo jakinarazi zuenez, ordea, Iberokoa ez dago jokatzeko moduan, eta berriz ere Gonzalezek ordezkatuko du. Irujoren egoerak hobera egin du, baina oraindik ez dago kantxaratzeko moduan.
Olaizola II.ak eta Beroizek aise irabazi dute, eta finalerdietan dira dagoeneko (22-11)
Irujok hobera egin du, baina oraindik ez dago larunbatean jokatzeko moduan, eta Gonzalez arituko da haren ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu