Olaizola II.ak eta Mendizabal II.ak Irujo eta Goñiren aurka jokatuko dute larunbatean

Bengoetxea VI.a eta Beloki Berasaluze VIII.aren eta Beginoren aurka ariko dira igandean, Donostian

Erredakzioa
Donostia
2009ko otsailaren 25a
00:00
Entzun
Enpresen Ligak atzo zehaztu zituen zeintzuk izango diren Eskuz Binakako Txapelketako finalerdietako lehen partidak. Iragarpenak bete ziren, eta lehen ligaxkako lehen bikote sailkatuak laugarren bikote sailkatuaren aurka jokatuko du lehendabizi. Beraz, Berasaluze VIII.a eta Begino Bengoetxea VI.aren eta Belokiren aurka ariko dira. Igandean jokatuko da partida, Donostiako Atano III.ean. Bi bikote horiek lehen aldiz jokatuko dute elkarren aurka txapelketan, enpresa berekoak izanda (Asegarce) ez baitziren elkarren aurka aritu lehen ligaxkan. Berasaluze VIII.ak eta Beginok bost partida irabazi zituzten, eta hiru galdu. Bengoetxea VI.ak eta Belokik, berriz, lau partida irabazi zituzten, eta beste horrenbeste galdu. Leitzakoa eta Burlatakoa azken unean sailkatu ziren, Xalak eta Zubietak Olaizola I.ari eta Patxi Ruizi irabazi ondoren.

Finalerdietako lehen partida larunbatean jokatuko da, Labriten, eta Martinez Irujo-Goñi III.a eta Olaizola II.a-Mendizabal II.a izango dira aurrez aurre. Bi bikoteok bigarren eta hirugarren postuan amaitu zuten lehen ligaxka, bost partida irabazita eta hiru galduta. Tanto aldeak, baina, Martinez Irujo eta Goñi III.a jarri zituen aurretik. Bi bikoteok bitan jokatu dute elkarren aurka lehen ligaxkan. Lehen partidan, Olaizola II.a eta Mendizabal II.a nagusitu ziren: 22-16. Bigarren lehian, berriz, Martinez Irujok eta Goñi III.ak aise irabazi zuten (22-8). Partida horretan Olaizola II.ak Zearra izan zuen bikotekide. Bi bikoteek gaur aukeratuko dituzte pilotak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.