Aimar Olaizolaren gurutze bide luzeabukatzeko zorian dago. Goizuetako pilotariak heldu den asteburuko jaialdiren batean sar dezala eskatu dio Asegarceri. Medikuaren oniritzia jaso du eta enpresa kideekin eginiko pilotaleku entrenamenduetan zuriz janzteko moduan ikusi du bere burua. Hala, litekeena da heldu den astean, ziurrenik gaur zortzi, itzultzea jaialdietara. Pilotariak berak «%90ean» ziurtatu du jokatuko duela, «jaialdien egituraren arabera». Dena den, hala ez balitz, oso berandu jota bi aste barru itzuliko litzateke pilotalekuetara.
Olaizola II.ak apirilaren 24an eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta ebakuntzaren egunean medikuak aurreraturiko epe onenak bete ditu. «Ez da inolako arazorik egon, eta horregatik bete dira epeak», azaldu du Olaizolak. Abuztuaren 15ean korrika egiten hasi zen, eta azken hilabetean pilotalekuan hiru entrenamendu egin ditu astero. Saio horietan hobekuntza nabarmena sumatu du aurrelariak. Dena den, oraindik ez du bukatu fisioterapia lana, eta Gasteizera joaten jarraitu beharko du. «Oraindik ez dut beste belauna adina tolesten, eta behin jokatzen hasita ere pixka batean jarraitu beharko dudala uste dut, baina denbora kontua da».
Jokatzeko irrikan dago, baina badaki hasiera batean kostako zaiola bere onena ematea. Apurka erritmoa hartzea izango da haren helburua. «Jokatzeko moduan nago, medikuak ere esan du, baina uste dut ikusleak ulertuko duela oraindik ez nagoela nire onena emateko moduan». Goizuetakoak ez du bere burua behartu nahi izan, eta erritmoa hartu ondoren binakako txapelketarako sasoia hartzea izango da erronka. Bi hilabete ditu.
Olaizola II.ak heldu den asteburuan jokatzea eskatu dio Asegarceri
Belauneko lesio baten erruz sei hilabetez geldirik egon ondoren, litekeena da gaur zortzi itzultzea jaialdietara
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu