Buruz buruko txapelketak nekez beteko ditu aurkezpenean zehazturiko epeak. Aimar Olaizolak bere finalerdia atzeratzeko eskatu du, eta, EPELeko epaileak baiezkoa eman dionez, ekainaren 9an jokatuko du Oinatz Bengoetxearen aurka, Iruñean. Herenegun Julen Retegiri irabazi zion, baina seguruena hurrengo astean ez da behar bezala jokatzeko egongo, eskuin besoko atzealdeko mina dela eta. Erabakiaren ondorioz, zaila dirudi finalerdiko irabazleak 17an jokatzea finala. Beraz, litekeena da 24ra arte atzeratzea. Lehen finalerdia, berriz, igandean jokatuko da: Juan Martinez de Irujok eta Mikel Idoatek EibarkoAstelena pilotalekuan neurtuko dituzte indarrak.
«Horrela banago, ezingo dut Bengoetxearen aurka jokatu», aitortu zuen herenegun Olaizola II.ak, Retegi ondo kostata kanporatu berritan. Eskuin besoa ez du ondo. Ez du inolako gihar hausturarik, baina mina sentitzen du eta ezin du kolpea askatu. Pilotariak berak onartu zuenez, herenegun, azken txanpan, arriskatu egin zuen, eta, zorionez, minak ez zuen okerrera egin. Behartzeren poderioz, baina, atzo «kargatuta» zeukan, eta Iñigo Simon medikuarekin hitz egin zuen. Hala, aste honetan beste ekografia bat egingo diote, badaezpada ere. Aurrelariaren asmoa finalerdiaren aurretik gutxienez entrenamendu bat egitea litzateke, baina zail izango du hurrengo astearen aurretik.
Olaizola II.ak tentuz ibili nahi du, eta buruz buruko txapelketako arautegi malgua baliatu du atzerapena eskatzeko. Egia da, eta arautegiaren arabera, «arau orokor moduan» ezin dela atzerapenik eskatu, baina badago zirrikitu bat. Azken finean, duela bi aste berak eta Xalak erabili zuten berdina da. Atzeraturiko partida txapelketako hurrengo fasearen aurretik —finalaren aurretik— jokatuko denez, epailea onartu egin du. Dena den, salbuespenaren azalpenaren arabera, ezingo luke eraginik izan finalaren egunean, eta 17an jokatu beharko litzateke, baina ziurtzat jo daiteke 24ra arte atzeratuko dela.
Bilbotik Astelenara
Irujok eta Idoatek Eibarren jokatuko dute igandean, eta kantxako sarrerek 45 euro balioko dute. Harmailakoek, berriz, hogei. Hasiera batean, Bilbon jokatu behar zen partida. Aspek hala jakinarazi zion Custom Sporti, baina azkenean Astelenara eraman du Eibarko enpresak. Ikusmina handiegia ez bada, Bilboko pilotalekua handiegia izan daiteke eta bertan jokaturiko azken jaialdietan ez da jende askorik bildu. Pilotak etzi aukeratuko dituzte.
Olaizola II.ak tentuz ibili nahi du
Atzerapena eskatu du, besoko minen erruz, eta ekainaren 9an jokatuko du buruz buruko finalerdia, Iruñean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu