EPELen Eskuz Banakako Txapelketako beste bi kanporaketa jokatuko dira gaur. Final-zortzirenetako norgehiagokak biak. Sebastien Gonzalez eta Juan Martinez de Irujo arituko dira Iruñeko Labriten (18:00, TVE1), eta Oier Zearra eta Fernando Goñi arituko dira Etxebarriko frontoian (18:00). Lehen partidako irabazleak Asier Olaizola zerrendaburuaren kontra jokatuko du, eta bigarren partidako irabazlea Aimar Olaizola zerrendaburuarekin arituko da. Gaurko lau protagonistak olaizolatarren peskizan arituko direla, alegia.
Sari handia dute jokoan, aukera paregabea. Eskuz Banakakoan bi kanporaketa gainditu eta final-laurdenetan sartzea ez dago edonoren eskura, eta gaur jokatuko duten askok sinatuko lukete hori txapelketa hasi baino lehen. Sebastien Gonzalezek eta Juan Martinez de Irujok, esaterako. Zalantzaz beteta hasi zen Azkainekoa, eskumuturrean izandako lesioak ez baitio buruz burukoa behar bezala entrenatzeko astirik utzi. Ikustekoa da oraindik eskuineko eskumuturrean gelditu zaion koskorra. Eskerrak gutxien erabiltzen duen eskua den, baina beldurrez sartzen da oraindik esku horrekin. Berak onartu du lehen kanporaketan oso urduri aritu zela, baina behin lehenengo eguneko estutasunak gaindituta Otxandorenak ez zuen asko estutu, dena dela, bere jokorik onena egiten saiatuko da gaur. Guztien beharra izango baitu Juan Martinez de Irujo menpean hartu nahi badu. Imanol Agirreren kontra erakutsi zuen Iberokoak buruz burukoan nolako maila eman dezakeen. Seigarren koadrotik piloteoari eutsiko ote zion zen gehienen zalantza, baina ederki argitu zituen guztiak. Sakea dauka, pilotakada, airez defendatzeko erraztasun ikaragarria (boleaz, batik bat) eta tantoa inork gutxik bezala amaitzen daki. Agirreren kontrako lehian arazo asko izan zituen amaieran, baina orduan ere ez zen kikildu eta ausardiaz jokatu zuen. Ez dirudi Gonzalezen kontra ere jokatzeko era aldatuko duenik. Pilotariak berak iragarri du, hori bai, oso kontrario arriskutsua dela Gonzalez, eta dominatuta egotetik dominatzera aitaren batean pasatzen dela askotan. Ez zaio arrazoirik falta, irregularra bezain arriskutsua izaten baita Aspeko ezkertiaren jokoa.
Zearra eta Goñi III.a, bi langile Etxebarrin
Oier Zearra eta Fernando Goñi arituko dira Etxebarrin. Gaur ikusiko da, baina lehen begiradan ez dirudi hasi bezain pronto amaituko den partida horietakoa. Inon pilotari langilerik bada horiek Zearra eta Goñi dira. Lasari irabazi zion batek, eta Nagore eta Rai utzi ditu jada kanpoan besteak. Bakoitzaren ezaugarriak kontuan izanda, partida gogorra espero da. Bai behintzat orain arte jokatutako partidetan eman duten maila ematen badute. Zearra serio aritu zen Lasaren kontra, eta konfiantza handiz airez sartu zenetan. Konfiantza aipatuta, ordea, Fernando Goñi datorkigu burura. Nagoreren kontra hor nonbait, baina Rairen kontra buruz buruko espezialista baten moduan jokatzen ikusi genuen. Ea nork behartzen duen nor.
Olaizolatarren peskizan
Eskuz Banakako Txapelketako Gonzalez-Irujo eta Zearra-Goñi III.a partidak jokatuko dira gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu