Olatua berriz hartzeko irrikaz

Urriaren 30etik otsailaren 18ra jokatuko dute Winter Series txapelketaren hirugarren aldia. Zazpi puntista lehen aldiz ariko dira titular gisa. Goikoetxeak azken txapelketa izango du

Winter Series txapelketa jokatuko duten puntista batzuk, ordezkariak eta antolatzaileak, atzo, aurkezpenean, Gernikako Europako Herrien Parkean. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Etxeberria.
2023ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Badator berriro olatua: Winter Series zesta-puntako txapelketa, kirol horretako lehiaketarik luzeena, garrantzitsuena eta ospetsuena. Urriaren 30ean hasiko da hirugarren aldia, eta otsailaren 18an bukatu. Puntista onenak, beraz, ia lau hilabetez ariko dira nor baino nor gehiago Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan (Bizkaia).

Arrakastatsuak izan ziren aurreneko bi ekitaldiak, Gernika Jai Alai enpresak eta EITBk antolatutakoak: ia beti bete zen frontoia, eta telebistako ikusle datuak oso onak izan ziren. Itxuraz, arrakastatsua izango da hirugarren aldia ere, Eraman enpresak eta EITBk antolatutakoa. Joan den astean jarri zituzten salgai txapelketa ikusteko abonuak, eta mila baino gehiago saldu ziren. Sekulakoa da hori, kontuan hartuta oraindik ez zela xehetasun askoren berri eman; nagusiki, zein bikotek jokatuko zuten. Horrek agerian uzten du zaleak irrikaz daudela Winter Seriesen olatua berriro hartzeko.

Atzo eman zituzten xehetasun guztiak, aurkezpenean, Gernikako Europako Herrialdeen Parkean. Antolatzaileek aurreko ekitaldiaren egiturari eutsi diote. Zortzi bikotek jokatuko dute, bi multzotan banatuta: A multzoan, Goikoetxea-Lekerika, Erik-Minvielle, Goitia-Basque eta Olharan-Del Rio ariko dira; eta B multzoan, Johan-Lopez, Erkiaga-Ibarluzea, Ladutxe-Gorka eta Pro Am txapelketako bikote irabazlea. Bikote guztiek kolore jakin bateko elastikoa eramango dute soinean. Pro Am txapelketa gaur eta astelehenean jokatuko dute, Zumaiako Aitzuri frontoian (Gipuzkoa). Gaur, finalerdiak jokatuko dituzte, 19:30ean: aurrenekoan, Arbe-Manzi eta Urko Lekerika-Salegi ariko dira, eta bigarrengoan, Cosme-Bailo eta Gonzalo-Uranga. Irabazleek finala jokatuko dute astelehenean (19:30, ETB1).

Puntisten ia erdiak dira berriak iazko ekitaldiaren aldean; hamaseitik zazpi lehenbiziko aldiz ariko dira titular gisa: Ladutxe, Gorka, Goitia, Erik, Ibarluzea, eta Pro Am txapelketako irabazleak. Aurreko bi ekitaldietan titular izandako bi puntista min hartuta egoteak —Barandika eta Zabala— eta beste batek erretiroa hartu izanak —Beaskoetxea— eragin du horrenbeste aldaketa egotea. Baita gero eta lehia handiagoa egoteak ere. Hala, aurten berriz ariko diren bederatzi puntistetatik hiruk estreinakoa izan zuten iaz: Johanek, Del Riok eta Basquek. Belaunaldi berria indartsu datorren seinale da.

Jaialdia Urtezaharrean

Baina betikoek eutsi egiten diote oraindik ere. Iñaki Osa Goikoetxea nabarmentzen da horien artean. Aurrelari zumaiarrak erretiroa hartuko du txapelketa bukatzen denean, 43 urterekin, eta 27 urtez punta-puntan aritu ondoren. Inoizko puntista onenetako bat izanda utziko du lehia; garaipen zerrendari erreparatuta, onena bai, behintzat: hamahiru aldiz izan da buruz buruko txapeldun, zortzi aldiz binaka, eta bost aldiz irabazi du Hiruko Koroa AEBetan.

Goikoetxeak Lekerika izango du bikotekide bere agurrean. Kontuan hartzeko bikotea da: duela bost urte, Gernikako Grand Slama irabazi zuten. Goikoetxea, gainera, ikusgarri aritu da udan: Donostiako eta Hondarribiko (Gipuzkoa) Grand Slamak, Miarritzeko (Lapurdi) Urrezko Xistera eta Paueko Kopa (Okzitania) irabazi ditu. Bata, erretiroa hartzear dagoen izar handia, eta bestea, etxekoa. Ziur zaleen babesa izango dutela.

Hamasei jardunaldi jokatuko dituzte. Lehen hamabiak ligaxkako partidak izango dira, eta urriaren 30etik urtarrilaren 22ra jokatuko dituzte. Multzo bakoitzeko lehen bi sailkatuak finalerdietan ariko dira: A multzoko lehen bikoteak B multzoko bigarrenaren aurka jokatuko du, eta B multzoko lehenak, bigarrenaren kontra. Urtarrilaren 29an eta otsailaren 5ean zehaztuko da zein bi bikote ariko diren finalean, otsailaren 18an. Tartean, otsailaren 12an, hirugarren eta laugarren postuetarako partida jokatuko dute.

Jaialdi guztiak astelehenetan izango dira, 19:30ean, Urte Zaharrekoa eta finalekoa ez beste. Igandean izango dira bi horiek, 12:00etan, eta ETB1ek zuzenean eskainiko ditu. Beste denak, berriz, 22:30ean emango ditu.

Winter Series txapelketak, halaber, hasiera emango dio Jai Alai ligaren bigarren aldiari. Joan den astelehenean jokatu zen aurrenekoaren finala, eta Aritz Erkiagak eta Gorka Sorozabalek jantzi zuten txapela. Ludovic Ladutxeri eta Thibault Basqueri irabazi zieten finalean, Durangoko Ezkurdi pilotalekuan (Bizkaia). Jai Alai ligak Ipar eta Hego Euskal Herrian jokatzen diren bost torneo nagusietako emaitzak hartzen ditu kontuan: Winter Seriesak, Gernikako Grand Slama, Donibane-Lohizuneko Nazioartekoa (Lapurdi), Miarritzeko Urrezko Xistera eta Paueko Kopa (Okzitania). Haren inguruko informazio guztia Jai Alai League aplikazioan dago eskuragarri. Android eta iOs plataformatetan deskarga daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.