Olatuari eutsi behar dio

Mailari eustea benetako aukera dela erakutsi arren, atzerapausorik ezin du eman Realak Getafen

Xabier Lopetegi.
2007ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Estropadako aurreneko luzean ezin makalago ibili eta atzeratuta gelditu ondoren, auskalo nondik atera den olatu aparta hartu eta aurkariei aldea kentzen ari zaien trainerua da Reala. Txanpek garaipenak ematen dituzten moduan, futbolean ere boladak dira arrakasta lortzeko gakoa edota helburu apalagoak dauzkatenentzat putzutik ihes egitekoa. Hori dela-eta, nola edo hala eutsi behar dio olatuari, ez atzera edo aurrera, uretan iltzatuta geratzen den trainerua bezala ez gelditzeko. Horrek esan nahi du garaipena dela Getaferen aurka balio dion emaitza bakarra, eta ausart jokatu beharko duela.

Azken sei partidatan lortutako lau garaipenek berpizteko aukera eman diote taldeari. Bada zerbait, salbazioa hamabi puntura zeukanean onena lehenbailehen jaistea eta Bigarren Maila prestatzen hastea zela esaten zutenak bazeudela kontuan hartuta. Hala ere, helburua hiru puntura izanagatik, huts egiteko tarterik gabe jarraitzen du. Eta huts eginez gero, lehenbailehen harrapatu beharko du beste olatu bat. Azken sei norgehiagoketan egindakoa errepikatzera behartuta dago. Ez da lorpen makala. Hurrengo aurkaria Bartzelona dela eta azken jardunaldian Valentzian jokatu beharko duela aintzat hartuta, nola edo hala erdietsi behar ditu gaur hiru puntuak.

Horrek konfiantza handia emango lioke Ligako azken zati erabakigarriari aurre egiteko. Porrota, aldiz, inoiz baino mingarriagoa litzateke, aspaldian ez duelako galdu eta trantze gaiztoa delako gozokia mutur aurrean jarrita berriz ere urruntzea. Izan ere, Celtak eta Levantek galdu eta Realak irabazten baldin badu jaitsiera postuetatik ihes egingo luke. Hirugarren jardunaldiaz geroztik lehen aldia izango litzateke. Zaila da hiru baldintza horiek betetzea baina aukera matematiko hutsa hor izatea asko da, duela gutxi zenbakiek ere bizkarra ematen ziotelako taldeari.

Iragan sasoian ere premia gorrian joan zen Reala Getafera, 30. jardunaldian. Jose Mari Bakeroren debuta zen aulkian baina negargarri aritu zen taldea. 2-1 galdu bazuen ere, usainik ere ez zien hartu puntuei. Bakerok partida horretan begiz jo zuen Rivas, zelai erdian indar erakustaldia eman baitzuen. Realean emaitzek eta taldearen dinamikak ez diote lagundu, baina argi dago bera ere gutxitan gerturatu dela Getafen eskainitako joko mailara. Hurrengo hiru partidatan lortutako hiru garaipenei esker lortu zuen taldeak Lehen Mailan jarraitzea. Gaur, aldiz, orduan baino bi jardunaldi gutxiago geratzen zaizkio eta etxeko lanak eginda utzi nahi du Alfonso Perez Coliseuma.

Aurkariaren izenari eta aurrekontuari begiratuta dirudiena baino askoz zailagoa da erronka, Lehen Mailako zelairik zailenetakoa baita azken aspaldi luzean. 31 puntu lortu ditu bertan eta partida bakarra baino ez du galdu, Espanyolen kontra (0-1). Gainera, etxean hamaika aldiz lortu du atea hutsean uztea. Ligan gol gutxien jaso dituen taldea da orotara: 24 baino ez. Sendotasun horrek eta eraginkortasunak eman diote Liga patxada ederrean amaitzeko parada, gol gutxien egin duena ere badelako, Deportivo, Reala eta Levanteren atzetik.



HERRERA KOVACEVICEN ORDEZ. Darko Kovacevicen hutsune garrantzitsua bete beharko du gaur Realak. Serbiarra denboraldiko unerik onenean zegoen. Gol gutxi sartu arren, jokoan parte hartze handia izaten ari zen, batez ere bere postua atzeratu zuenetik. Hiru erdilarirekin jokatu edota hura beste aurrelari batekin ordezkatzea ziren aukerak eta Lotinak ostiralean uxatu zuen zalantza: Herrerak beteko du Kovacevicen postua.

Eskema aldaketarik ez du egingo. Diaz Zeriok eta argentinarrak elkarrekin jokatuko duten bigarren partida izango da. Huelvako Recreativoren aurkakoa izan zen bestea -1-0 galdu zuen taldeak-. Baloiari eusteko ez da horren jokalari aproposa Herrera baina presioan gogotsu aritzen da eta kontraerasoan ateratzeko abiadura irabaziko du taldeak. Aldaketa hori kenduta hamaikakoa «ia berbera» izango dela esan zuen entrenatzaileak. Litekeena da beste berritasuna atzealdean egotea, Ansotegi ez delako fin ibili azken bi partidetako lehen zatietan. Mikel Gonzalezek titular izateko aukera asko dauzka, beraz. Goiko baloietan arrisku handiegia sortzen duen aurrelaririk ez dauka Getafek. Bere joko eredura ondo egokituko litzateke, horrenbestez, Mikel Gonzalez



Rekartek uko egin dio kontratua berritzeko zeukan klausulari

Aitor Lopez Rekartek eta Realak atzo bertan lortu zuten akordioa. Akordio horren arabera, Realeko kapitainak uko egiten dio bere kontratuan zeukan klausula bereziari. Alegia, denboraldi honetan 22 partida jokatzearen truke kontratua zuzenean beste bi denboraldirako berritzeko zeukan aukerari.

Rekartek ez du azken partidetan jokatu, eta egoera aldrebesa sortu da taldearen eta jokalariaren artean kontratua eta klausula direla eta. Atzoko akordioak konpondu du egoera. «Klubean sekulako balioa ematen diogu Aitorrek hartu duen erabakiari. Realarekin eskuzabal jokatu du, eta eskertzen diogu. Hitz egin dugu, eta akordioa lortu dugu. Bi aldeentzat da ona klubari klausula hori kentzea», adierazi du Realeko presidente Miguel Fuentesek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.