Futbola

Olatz Rivera da FIFAko epaile nagusi izango den lehen euskal emakumea

Epaileak adierazi du «ez zuela espero» maila igoera eta, aurretik «bide luzea» duen arren, «oso pozik eta hasteko gogotsu» dagoela.

Olatz Rivera, ezkerretik hasi eta hirugarrena, Venezuelaren eta Euskal Selekzioaren arteko neurketa batean. EUSKAL FUTBOL FEDERAZIOA
Oihane Puertas ONA
2021eko abuztuaren 18a
11:16
Entzun

Olatz Riverak (Bilbo, 1996) hemezortzi urterekin egin zuen epaile izateko lehen ikastaroa, eta, orain, FIFA Nazioarteko Futbol Federazioko epaile nagusi izendatu dute. Ez da izango nazioarteko partidetan ariko den lehen aldia, duela bi urte egin baitzuen nazioarteko debuta laugarren epaile gisa; baina maila igoera hori «ez zuela espero», adierazi dio Riverak Euskadiko Futbol Federazioari.

Nazioarteko partidetan epaile nagusi izango den lehen euskal emakumea da, eta azaldu du «oso pozik eta hasteko gogotsu» dagoela. Jakin badaki aurretik «bide luzea» duela, baina aitortu du «emakumezkoen zein gizonezkoen futbolean aurrera egiten jarraitu» nahi duela. Norgehiagokei dagokienez, berriz, Riverak ez du «lehentasun berezirik», eta adierazi du egokitzen zaion partida «ondo» egokituko zaiola. Eta gaineratu duenez, «dena ondo badoa», etorkizunean izango du «partida politak arbitratzeko aukera».

Itugarpe, Bizkerre eta Arratia taldeetako futbol jokalari gisa hasi zuen bere ibilbidea Riverak, eta gero egin zuen epaile izateko jauzia. 2020an urteko epailerik onenaren Marca saria jaso zuen, eta orduan adierazi zuen «gizonezkoen Hirugarren Mailara igotzeko eta nazioarteko partidak arbitratzeko lanean» ari zela.

Epaile bizkaitarrak Euskadiko Futbol Federazioari adierazi dioenez, gaur egun, hasi zenean baino «askoz emakume gehiago» dabiltza arbitratzen, eta nabarmendu du «bidea erraza ez den arren» epaile horiek aurretik «etorkizun handia» dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.