Gescrap Bizkaia 77. Caja Laboral Baskonia 72

Olentzero beltza da!

Gescrap Bizkaiak oso partida txukuna jokatu du, eta Top16rako sailkatu da; Baskoniak, aldiz, agur esan dio EuroligariBanicek 18 puntu sartu ditu, eta Teletovicek eta San Emeteriok partida txarra egin dute

Roger Grimau eta Aaron Jackson Gescrapeko jokalariak, elkar besarkatuta, partidaren amaieran. JON HERNAEZ / ARP.
Andoni Urbistondo.
Bilbo
2011ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Gescrap Bizkaia. Jackson (8), Blums (11), Mumbru (10), Banic (18), D'Or Fischer (6) —hasierako bostekoa—; Fisher, Mavroeidis (6), Hervelle (7), Vasileaidis (7) eta Grimau (4).

Caja Laboral Baskonia. Prigioni (13), Ribas (10), San Emeterio, Teletovic (12), Milko Bjelica (15) —hasierako bostekoa—; Heurtel, Golubovic (4), Oleson (10) eta Nemanja Bjelica (8).

Markagailua. 20-20, 40-34 (atsedenaldian); 58-52 eta 77-72.

Epaileak. Ziemblicki, Maestre eta Viator. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. Lepo bete zen Bilboko Miribillako pabiloia, 10.000 ikusle inguru.

Bat daukagu, baina ona. Gescrap Bizkaiak Top16a jokatuko du, Euroligako ligatxo bukaera bikaina egin ostean. Lege onez menderatu zuen Baskonia, eta Europako elitean kokatuko duen lorpen historikoa lortu. Batzuen zoriona, eta besteen atsekabea, Baskoniak aspaldi hartu ez duen kolpea hartu duelako. Arrakastaren usainean bizitzen ohitu dira azken hamarkadan, baina sasoi honetan ez dute bidai gehiago egingo Europara. Kolpe mingarria da hori onenen ondoan bizi den talde batentzat, eta ez harritu atzoko porrotak ondorio sakonak izatea. Jokalariekin hasi eta entrenatzailearekin bukatu.

Bizkaiak oso partida txukuna jokatu zuen. Defentsan Teletovic eta San Emeterioren iturria ixtea zen lehentasuna, eta bere helburua lortu zuen. Baskoniako kapitainak puntu bakarra sartu zuen lehen erdi osoan, eta San Emeteriok bat bera ere ez. -4ko balorazioa pilatu zuen espainiarrak, eta zenbaki txar horiek bueltarik gabeko zama astuna bilakatu ziren Gasteizko taldearentzat.

Tentsio handiarekin hasi zen partida, eta puntuak lortzea balentria handia zen: besoak, gorputzen talkak... seina berdindu zuten biek, baina une horretan inork espero ez zuen protagonista agertu zen kantxan: Nemanja Bjelica. Bi hiruko sartu zituen jarraian serbiarrak, eta 11-16 aurreratu bere taldea. Bizkaia, ordea, ez zen kikildu. Falta asko behartzen ari zen, eta inurri lan horren etekina jaso zuen puntu bateko sei jaurtiketa gauzatuta. Lehen laurden hori izan zen denetan parekatuena, 20na bukatu zelako, baina bigarrenean Baskonia desitxuratu egin zen erabat.

29-24 aurreratu ziren etxekoak aurrena, baina Ivanovicek odolustea eteten asmatu zuen Olesonen bitartez. Bi hiruko saskiratu zituen Alaskakoak, baina beste taldekide guztiak trakets zebiltzan 6,75eko marratik. Bota eta bota, eta kaleari kale. Teletovicek huts egiten ez dituen hirukoak huts egin zituen, eta amorruari eutsi ezinik, Banicen zaintzari muzin egin zion.

Akats larria, Bizkaiako kapitainak bederatzi puntu sartu zituelako errenkadan, hiruko bat eta biko beste hiru, eta bederatzi puntuko zuloa ireki erotzen hasia zen Miribillan. Bederatzi puntu puntu asko dira final tankerako norgehiagoka, baina Prigionik seira murriztu zuen aldea lan erditara iritsi aurretik. Sei puntura utzi zuen bere taldea, bizirik bigarren zatiari begira, baina zenbakiek ez zuten gezurrik esaten. Bizkaia nagusi izan zen balorazioan, 54 Katsikarisen taldeak, 25 gasteiztarrek, eta panorama zeharo irauli ezean, jai zeukan Baskoniak.

Eta ez zen aldatu. Blumsen hiruko on batek 45-37koa jarri zuelako, eta Mumbruk ere partida bero gehienetan edukitzen duen protagonismoa falta zelako. Kataluniarrak bi hiruko ikusgarri sartu zituen. Lehenengoa zortzi metrotik, eta bestea ere zazpi metro eta erditik. 12 puntuko zuloa ireki zuten bizkaitarrek, eta jota zegoen Baskonia. Teletovicek zortzi puntu saskiratu arren. Milko Bjelicak ere zuku handia atera arren blokeoa eta jarraipenari.

Bizkaia hazi egiten delako haizea alde duenean, eta partida bukatzeko 13 minutu falta direnean, etxetik kanpo, 12 puntuko aldeari buelta ematea oso zaila da. Katsikarisek ondo kudeatu zuen errenta hori, eta atsedena eman zien Aaron Jackson eta Marko Banici. Baskoniak uneren batean zerbait egin bazezakeen orduan zen, Bizkaiako bi jokalari onenak atsedena hartzen zeudela.

Eta egin zuen. Berriro partidan sartu. 56-44koa zen markagailua kapitaina eta joko antolatzaileak aulkirako bidea hartu zutenean, eta 56-50 eta 58-52 hurbildu zen Baskonia.

Hiruko portzentaje txarra

Odola hotza mantentzen dakiten jokalarien unea zen. Roger Grimauk mantendu zuen Bizkaian, eta Brad Olesonek Baskonian. Sei punturen bueltan ibili zen etxekoen aldea, baina Teletovicek partida osoan sartu zuen lehen bikoari esker 67-64 gerturatu ziren arabarrak. 37. minutua zen, eta datuak Teletovicen partida oso kaskarra izan zela erakusten du. Mumbruk hirukoa kale egin zuen hurrengo jokaldian, baina Jacksonek, azti, erasoko errebotea irabazi eta saskiratze erabakigarria lortu zuen: 71-66.

Baskoniak, dena den, ez zuen berehalakoan amore eman, eta 71-68 hurbildu zen berriro minutu eta erdiren faltan. Hiru puntuko aukera gauzatzeko aukera izan zuen Teletovicek, baina gehigarria kale egin zuen, kale egin ezin denean. Kapitainaren egun txarraren adierazlea. 45 segundoren faltan beste biko bat huts egin zuelako, Banicen defentsa sendoa gainditu ezinik. Puntu batekoen erruletan, Vasileiadis greziarrak hartu zuen ardura, eta ez zuen kale egin. Partida hondarrean ere bistakoa izan zen arabarren ezina, hirukoa egin behar zituenean bikoak bilatu zituelako. Arrazoia honakoa da: %28ko portzentajea zeraman Baskoniak ordura arte hirukoetan. Konfiantzarik gabe zeuden jokalariak, eta kito.

Bizkaiak multzoko laugarren postuan bukatu du ligatxoa, eta datorren asteazkenean Bartzelonan egingo den zozketan, hiru talde handi izango ditu multzokide. Bat ziurra da: Moskuko CSKA, beste bi multzo buruak Endesa Ligakoak direlako. Beste aurkariak honako hauek izan daitezke. Bigarren sailkatu diren taldeen artean, Panathinaikos, Maccabi eta Montepaschi Siena. Hirugarren geratu direnei dagokionez ere, erraztasun gutxi. Turkiako Anadolu Efes eta Errusiako bigarren talde onena: Unics Kazan. Gozatzeko unea da orain, dena den. Urtarrila ere iritsiko da, eta orduan hasiko dira erronka potoloagoekin amesten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.