Olinpiar Jokoak buruan dituztela

Atzodanik zazpi euskal herritar ari dira lehian Calin, pistako Munduko Kopako bigarren proban

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Londresko Olinpiar Jokoak dauzkate denek buruan, baina puntuak pilatu beste erremediorik ez dago horretarako. Olinpiar urtean gainerako ekitaldi guztiak bigarren mailan geratzen dira, eta horixe gertatzen ari da txirrindularitzan ere, pistako diziplinan. Atzo hasi zen Munduko Kopako bigarren proba, Calin (Kolonbia), eta bihar arte zazpi euskal herritar ariko dira han lehian: Leire Olaberria, Asier Maeztu, Hodei Mazkiaran, Unai Elorriaga, Juan Peralta, Tania Calvo eta Sergio Aliaga. Azaroan Astanan (Kazakhstan) jokatu zen Munduko Kopako lehen proba aintzat hartuta, mailak dezente egin beharko du gora Euskal Herrira emaitza aipagarriren batekin itzultzeko.

Hasi, herenegun hasi zen Caliko proba, emakumezkoen eta gizonezkoen taldekako jazarpeneko sailkapen saioekin. Hasiera batean, Asier Maeztuk Espainiako selekzioko laukoteko kideetako bat izan behar zuen, baina gipuzkoarra gaixorik egon zen orain hilabete inguru, eta ez dago bete-betean. «Hilabete inguru beharko nuke oraindik sasoi puntu onenean egoteko. Dena den, Londresko Olinpiar Jokoak urruti daude oraindik, eta nahiko denbora dago. Calin ondo aritzea espero dut, hala ere», adierazi zuen atzo gipuzkoarrak.

Herenegun lehen bi jazarpen proba horiek jokatuta, gizonezkoen omnium-arekin ekin zioten atzo lehia bete-beteari, Euskal Herrian 20:00ak zirenean —Elorriagak parte hartu zuen omnium-eko lehen proba horietan—. Elorriagaz gain, Maeztu puntuazio proban, Peralta kilometro bateko proban, eta Olaberria scratch-ean ziren bart parte hartzekoak. Ondo bidean, ikaztegietarrak lortu beharko lituzke emaitzarik onenak, baina Europako Txapelketan erori eta ipurtezurra hautsi zuen. Bi astez geldirik egon behar izan du, eta ez da prestaketarik onena Munduko Kopako bigarren saioari aurre egiteko. Baina pisua galduta dago Olaberria, eta omnium-ean aurre samarrean ibiltzeko itxaropena dauka. Fullgas.org-Gipuzkoa taldearekin ari da parte hartzen ikaztegietarra Caliko Munduko Kopan.

Euskal Herrian 16:00ak direnean hasiko da gaurko lehia, emakumezkoen jazarpen probarekin, eta beste bost euskal herritar ariko dira lehian: Olaberria, Peralta, Calvo, Aliaga eta Mazkiaran. Olaberriak omnium proba gogorrari ekingo dio gaur; Peralta, Aliaga eta Mazkiaran keirin proban ariko dira; eta Calvo, abiaduran. Bihar, berriz, keirinean ariko da Calvo, eta abiaduran Peralta,Aliaga eta Mazkiaran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.