Tokioko Olinpiar Jokoak

Olinpiar Jokoak ikuslerik gabe egingo dituzte

Jokoetarako ministro Tamayo Marukawak eman du behin betiko erabakiaren berri. Tokion koronabirus kasu positiboen kopurua handitu izana da arrazoia. Uztailaren 23tik abuztuaren 8ra egingo dituzte Olinpiar Jokoak.

Olinpiar Suzia, joan zen apirilean, Osakako (Japonia) kaleetan. Bihar ailegatuko da Tokiora: zaleek ezingo dute ikusi. NAOKI MORITA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko uztailaren 8a
16:34
Entzun

Tokioko Olinpiar Jokoetan ez da publikorik egongo. Hala erabaki du Antolaketa Batzordeak, Tamayo Marukawa Japoniako Gobernuko Jokoetarako ministroak jakitera eman duenez. Azken egunetan koronabirus kasu positiboetan izandako gorakadaren ondorioz hartu dute behin betiko erabakia. Atzo 920 kasu positibo atzeman zituzten Tokion, eta gaur, 896. Maiatzaren erdialdeaz geroztik izandako kopururik handienak dira, eta Gobernuak larrialdi egoera ezarri du herrialdean, abuztuaren 22ra arte.

Aldi horretan jokatuko dira Olinpiar Jokoak. Uztailaren 23an ekingo diete, eta abuztuaren 8an amaitu. Egoeraren azterketa egiteko bilkura egin dute gaur Japoniako Gobernuak, Jokoen Antoketa Batzordeak, NOB Nazioarteko Olinpiar Batzodeak, NPB Nazioarteko Paralinpiar Batzordeak, eta Tokioko Metropoli Agintaritzak. Publikoari ateak ixtea onetsi dute.

Astean zehar, ixteko itxuran

Herenegun, Hokaiddo irlako eta Sapporo hiriko agintariek herritarren mugimenduak neurritzeko erabakia hartu zuten, infekzio arriskua gutxitzeko. Aldi berean, Naomichi Suzuki Hokkaidoko gobernadoreak Antolaketa Batzordeari eskatu zion 20 eta 50 kilometroetako eta maratoiko probetako kaleko ikusle kopurua murritzeko. Han jokatuko dira proba horiek, abuztuaren 5ean eta 8an.

Ikuslerik gabe aritzeko erabakia beste neurri batzuren segida da. Ekainean, estadioetako publiko kopurua 10.000 lagunera mugatzea erabaki zuten, eta martxoan, Japoniaz kanpoko zaleei ukatu egin zitzaien Olinpiar Jokoetara bidaiatzeko aukera.

Olinpiar suzia bihar ailegatuko da Tokiora. Metropoli Agintaritzak jakinarazi du hiriko kale nagusienak ibilbidetik kenduko dituztela, eta ikuslerik gabe egingo dutela bidea. Horrez gain, suzia eramateko aukeratutako 1.300 lagunik aukera hori kenduko diete.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.