Olinpiar Jokoetan aritu diren EAEko kirolarien errolda osatu dute

Xabier Leibar Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendari ohiak egin du, doktore tesian; hamar urte behar izan ditu

Luis Mari Lasurtegi, Fernando Sanchez Bañuelos, Patxi Mutiloa, Xabier Leibar eta Luis Solar, tesiaren aurkezpenean, atzo, Getxon. BAT BASQUE TEAM.
Erredakzioa
Bilbo
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Historiari atzera begirada bat. Horixe egin nahi izan du Xabier Leibar oiartzuarrak bere doktore tesiarekin. EAE Euskal Autonomia Erkidegoko kirolariek udako Olinpiar Jokoetan izandako parte hartzea izan du aztergai; kirolarien generoa, jatorria, kirol modalitatea eta dominei buruzko informazioa jaso ditu, besteak beste. Hamar urteko lanaren ondoren, Bilboko Olinpiar Astearen barruan aurkeztuko du tesia, liburu formatuan.

Espainiako Olinpiar Batzordeko eta Nazioarteko Olinpiar Batzordeko artxiboetan oinarritu da Leibar tesia osatzeko. Baina artxiboez haratago, alor askotako adituekin, kazetariekin, Olinpiar Jokoetan aritutako protagonistekin eta Jokoetan izandako lekukoekin ere elkartu da. 1896ko Atenasko Olinpiar Jokoetatik 2008ko Pekingo Olinpiar Jokoak arte, EAEko 270 euskal kirolariren 356 parte hartze izan dira guztira. Hori udan jokatutako Olinpiar Jokoetan; negukoetan, izan ere, hamahiru parte hartze besterik ez dira izan.

Jose Amezola lehena

Jose Amezola puntista izan zen Olinpiar Jokoetan aritu zen EAEko lehen kirolaria. Arabarra bera, 1896an hartu zuen parte estreinakoz, Atenasen; handik lau urtera, 1900. urtean Parisen jokatutako Jokoetan, urrezko domina bat irabazi zuen, zesta-punta Olinpiar Jokoetako kirol ofiziala izan zen aldi bakarrean.

Errepaso historiko horretatik, baina, beste ondorio bat ere atera du Leibarrek; tesiaren arabera, lehenengo edizioetako amateurismoa, partaidetza murritza eta marka apalak urrun geratu dira, egungo maila ikusgarri eta profesionalizatuaren aldean. Mugarria, baina, II. Mundu Gerra izan zen, EAEko kirolarien parte hartzeari dagokionez; gerra baino lehen, kirolarien %75 futbolariak ziren. Gerra ondotik, ordea,gainerako kiroletara zabaldu zen parte hartzea. 356 parte hartze horietatik erdiak, futbolari, atletismoari, belar hockeyari eta arraunari dagozkie.

Gizonezkoak gehienak

Euskal kirolarietatik, ia %80 gizonezkoak izan dira. Ibone Belaustegigoitia igerilaria izan zen Jokoetara joan zen lehen emakumea, 1948an, Londresen. Bestelako datuak ere eman ditu ezagutzera tesian zehar Leibarrek. Besteak beste, 1960an Erromaneta 1992an Bartzelonan jokatu ziren Olinpiar Jokoak izan ziren EAEko kirolarien aldetik parte hartze gehien izan zute-nak; hurrenez hurren 30 eta 44 kirolari lehiatu ziren urte horietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.