Chicago, Rio de Janeiro, Tokio edo Madril. Hori da erabaki beharrekoa. NOBko 97 kideren eskuetan dago ardura hori -NOBk 106kide ditu, baina AEBetako, Brasilgo, Japoniako eta Espainiako kideek, Jacques Rogge lehendakariak eta Kun Hee Hego Koreako ordezkariak ez dute bozkatuko, azken hori zigortua baitago-. Alferrikakoa da faboritoez hitz egitea. Ez dago lau finalisten gainetik nabarmentzen den hautagaitza bat. Ustez, Chicago eta Rio de Janeiro koska bat gorago daude, baina usteak ustel izan daitezke. Ez zen lehenbiziko aldia izango. Horrelakoak behin baino gehiagotan gertatu izan dira.Orain lau urte, adibidez. Orduan Paris zen 2012ko Olinpiar Jokoak antolatzeko faborito nagusia, baina Londresek ezustean irabazi zion azken bozketan. Bozketa sistemak horretarako aukera ematen du, lehenbiziko bozketetan bidean geratzen diren hautagaitzen botoak batera eta bestera dabiltzalako. Gaurko bozketako kontuak, hala ere, argi daude: lau hautagaitzetako batek 49 boto eskuratzen dituen unean bertan amaituko da bozketa. Berdin dio lehen bozketa izatea. Boto kopuru hori lortzen duenak irabaziko du bozketa.
Zergatik daude Chicago eta Rio de Janeiro koska bat gorago? Brasilgo hiriari dagokionez, NOB sinetsita dago Olinpiar Jokoek Rio de Janeiro eralda dezaketela, baita hiria, eskualdea eta herrialdea bera ere. Azken finean, Pekin aukeratu zuteneko apustua egin nahi du berriro. NOBk badaki Brasilgo hiriak zenbait gabezia dituela azpiegitura eta segurtasun alorretan, baina, halere, oso gustukoa du. Horregatik eman zion NOBko Ebaluazio Batzordeak puntuaziorik onena irailaren 2an jakinarazi zuen txostenean. «Oso proiektu ona da»; hori zioen batzordeak Rio de Janeiroz. Harrigarria da denbora gutxian eman duen jauzia, iazko ekainaren 4an estu eta larri gainditu baitzuen lehen galbahea. Doha, Baku eta Praga bakarrik izan zituen atzetik, zeinak lehiaketatik kanpo geratu baitziren. Aukeratzen baldin badute, lehen aldiz jokatuko lirateke Olinpiar Jokoak Hego Amerikan.
'Obama efektua'
Chicago da Rio de Janeiroren aurkaririk zuzenena. Ebaluazio Batzordeak «kalitate handiko» hautagaitzat jo zuen AEBetako hiria. Garraio sarea, zirkulazioa eta olinpiar hiriaren finantzaketa dira haren ahulune nagusiak, eta, Rio de Janeirorekin alderatuz, askoz babes txikiagoa du herritarren artean. Hori bai, Chicagok Obama du. AEBetako hautagaitzako ordezkariak ziur dira euren presidentea Kopenhagen egote hutsak boto asko emango dizkiela, eta haren karisma baliatu nahi dute lehenbiziko aldiz Olinpiar Jokoak antolatzeko. Hori lortuta, gainera, arantza aterako lukete, 1901ean Chicago aukeratu baitzuten 1904ko Olinpiar Jokoak antolatzeko, baina azkenean Saint Louisek antolatu zituen, Erakusketa Unibertsalarekin bat egiteko, han egitekoa baitzen hori.
Tokio eta Madril ageri dira koska bat beherago. Hain zuzen ere, bi hiriok atera zuten NOBren lehen galbahean nota onena. Azken urtebetean, baina, behera egin dute. Ebaluazio Batzordeak «kalitate handiko» proiektutzat jo zuen Tokiokoa. 1964ko Olinpiar Jokoak antolatutako hiri horrek, ordea, badu erabakigarria izan daitekeen ahulune bat: babes falta. Biztanleen erdien babesa soilik du. Are gehiago, biztanleen laurdenek ez dituzte nahi Olinpiar Jokoak. Eta NOBk gutxitan egin du hain babes txikia duen hautagaitza baten alde. Gainera, 2008ko Olinpiar Jokoak Pekinen jokatu izanak ez dio mesederik egiten.
Antzeko egoeran dago Madril, Londresen itzala oso luzea baita. Orain lau urteko bozketan aurkeztutako proiektu ia bera du esku artean Espainiako hiriburuak. Aldaketa bakarra? Orduan jaso zituen laudorioak ez direla ageri orain. Horren adibide, Ebaluazio Batzordeak emandako egurra. «Hola-holako kalitatea» zuela esan zuen. Arduren banaketan zehaztasun falta izatea eta dopinaren kontrolean hutsuneak izatea egotzi zion. Arazoak konpondu eta proiektua findu dutela diote Madrilgo hautagaitzako kideek. Gauza bera diote beste hiru hautagaitzetako ordezkariek. Denak omen daude prest. Gaur askatuko da korapiloa.
Zazpiko errugbia eta golfa Olinpiar Jokoen egitarauan sartzekotan dira
2016ko Olinpiar Jokoak zein hirik antolatuko dituen aukeratzea da erabakirik desiratuena. Ez da izango, hala ere, NOBk hilaren 9a bitartean hartuko duen erabaki bakarra. Azken egunak bereganatuko du arreta handiena, egun horretan hartuko baitira erabaki garrantzitsuenak. Lehenik, lehendakaria aukeratuko dute. Bozketa lasaia izango da, hautagai bakarra baitago, Jacques Rogge belgikarra, 2001etik NOBko presidentea dena.Jarraian, batzarrak 2016ko Olinpiar Jokoen kirol egitaraua onartu behar du. Hasteko, Londresen jokatuko diren 26 kirolak berretsi behar ditu, eta hori egin ostean, egitarau horri beste bi kirol gehituko dizkion edo ez onartu: zazpiko errugbia eta golfa dira bi kirol horiek.Madril
ALDEBabes handia du herritarren artean, gune ia guztiak hamar kilometroko eremuan daude, gune asko eraikita daude jada, garraio sare aproposa du eta Espainiako Gobernuak proiektuaren finantzaketa bermatu du.
KONTRA
Zehaztasun falta erakutsi zuen NOBko Ebaluazio Batzordean egindako aurkezpenean, dopinaren aurkako sistema hankamotza du eta arduren banaketa ez dago argi.
Tokio
ALDEKirolgune guztiak zortzi kilometroko eremuan daude, garraio sare bikaina du, eta Japoniako Gobernuak eta hango erakundeek proiektuaren finantzaketa bermatu dute.
KONTRA
Babes eskasa du herritarren artean, gune asko oraindik ez daude eraikita eta olinpiar eremuan zirkulazio arazoak ditu. Horrez gain, 2008ko Olinpiar Jokoak Pekinen, Japoniaren kontinente berean antolatu izanak ere ez dio mesederik egiten.
Rio de Janeiro
ALDEAurkezpen bikaina egin zuen NOBko Ebaluazio Batzordean, babes handia du herritarren artean eta Brasilgo Gobernuak ere babes osoa eskaini dio proiektuari. Hego Amerikakoinongo herrialdek ez ditu antolatu inoiz Olinpiar Jokoak, eta horrek haren alde egin dezake.
KONTRA
Segurtasun eta garraio arazoak ditu, segurtasunekoak batez ere. Horrez gain, kirolgune batzuk urruti daude euren artean, eta logela gutxi ditu.
Chicago
ALDEAurkezpen bikaina egin zuen NOBko Ebaluazio Batzordean, kirol gune gehienak zortzi kilometroko eremuan eraikiko ditu eta Paralinpiar Jokoen aldeko apustu garbia egin du. Obama efektuak ere on egin diezaioke.
KONTRA
Ez dauka ziurtatuta olinpiar hiriaren finantzaketa, zirkulazioa gutxitu behar du eta garraiobide sarea hobetu. Horrez gain, zalantzan dago Olinpiar Jokoak amaitzerakoan kirolgune askok martxan jarraituko duten edo ez.