Olinpoko jainkoak

Atenasko Olinpiar estadioan irudikatuko da gaur futbolaren festa nagusia: Liverpool-Milan; duela bi urteko final gogoangarriaren errepikapena zibilizazioaren sehaskan.

NAXARI ALTUNA DONOSTIA
2007ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hamabi ziren Olinpo mendiko jainko eta jainkosak. Hamabina jokalari izango dira gaur Spiridon Louis estadioan, Olinpoko jauregiaren jabetza lortzeko: hamaikana titan, hamabigarren jokalariaren babesarekin. Liverpooleko zaleek Heyselgo amesgaiztoa alde batera utzi zuten 2005eko Istanbulgo finalean. Liver txoriak amesgaiztoen korapiloa desegin zuen han. Milango hamabigarren jokalaria jota geratu zen, Liverpooleko txori handiaren hegaldiari so eginda.

Kronos, denboraren jainkoa, jokoz kanpo utzi zuen Zeus semeak, tximista bortitza arma gisa erabilita. Denboraren aurka borroka egin zuen duela bi urte Liverpoolek Istanbulgo final handi hartan. Berrogeita bost minutuan hiru goleko atzerapena zuen markagailuan. Zeus bihurtu ziren ingelesak Kronosi aurre egiteko; Milanen erlojua eteteko. Sei minutuko zorabioan gorriek hiruna berdindu zuten norgehiagoka, eta titanen adorearekin hamaika metroen lehiara eraman zuten finala. Jerzy Dudek poloniarra gailendu zen gau hartan, hamaika urte lehenago Bruce Grobelaar bezala, Erromaren aurkako finalean. Orain Reinari dagokio koska bat igota jainkosa bihurtzea. Lehen urratsa final erdietan egin zuen Chelsearen aurka.

Milanek badu leku berezi bat Greziako mitologian. Kronos izan zen, bai, Olinpoko jainkoa, 1994ko finalean Bartzelona 4-0 jipoitu ostean. Fabio Capellok zuzendutako taldeak joko erakustaldia egin zuen Johan Cruyffek jainkotutako dream team-aren aurrean. Atenasko Olinpiar estadioak jainkoen mendira iristeko atea zabaldu zion talde rossoneroari, Dejan Savicevic magoaren eskutik. Talde hartan zegoen Paolo Maldini, eta oraindik hor dago. Hirugarren txapela jantzi zuen atzelariak. Gero laugarrena iritsi zen 2003an, Juventusen aurka, penalti puntutik; gero orain bi urteko amesgaiztoa.

Paolo Maldinik 2005eko finaleko lehen gola sartu zuen aurreneko minutua bete aurretik. Kapitaina bosgarren Koparen distirarekin amesten hasi zen lehen minututik, eta Hernan Cresporen ondorengo bi golekin, atsedenaldirako garaikurra eskuetan zuen. Paco Gentorengandik Europako Kopa bakarrera geratuko zen. Baina Liverpoolen aldagelan zerbait gertatu zen. Katarsi antzeko bat jazo zen han, Anfieldeko aldagela txikian hainbeste aldiz gertatu den modura.

Bill Shanklyk, Liverpoolen manager mitikoak, aldagela txikia izatea eskatu zuen behin, jokalariak elkarrengandik gertuago senti zitezen. Taldearen espiritua bultzatzeko nahia zen hori. Eta egun batean, historia liburuetan idatzita geratu den esaldi bitxia bota zuen: «Futbola ez da hil edo biziko kontua. Hori baino garrantzitsuagoa da». Hitz horiek berdegunean idatzi zituzten Liverpooleko jokalariek, elastiko gorriaren esanahia aldarrikatzeko. Nola gainera! Futbola ez zen hil edo biziko kontua izan bigarren zati hartan; hori baino garrantzitsuagoa izan zen. Zeusek elastiko gorria zuen.

Ikurren garrantzia

Liverpoolek eta Milanek klubaren nortasuna bideratzen jakin izan dute etxeko jokalarien artean. Paolo Maldinik 23. denboraldia du rossoneriekin. Futbolaren monumentua da Milango kapitaina. Klubak hiru zenbakia duen elastikoa San Siron zintzilikatuko du Maldinik bere kirol ibilbidea amaitzen duenean. Mitoaren kondairak atal ederra bizi dezake gaur Atenasen, duela hamahiru urte gertatu bezala. Orduko hartan Mauro Tassottik jaso zuen trofeoa; Maldini, Panucci eta Galli ziren atzealdeko beste kideak. Baresik eta Costacurtak ez zuten finala jokatzerik izan. Maldinik eta Costacurtak taldean jarraitzen dute oraindik: Maldinik 39 urte beteko ditu datorren hilean, eta beste urtebete jarraituko du futbolean, belaunak uzten badio behintzat. Belauneko minaren ondorioz bere parte-hartzea gaurko finalean ez dago ziurtatuta. Alessandro Costacurtak, berriz, 41 urte ditu, eta datorren sasoitik aurrera Ancelottiren laguntzailea izango da.

Monumentu horiei buruz ari garelarik, Franco Baresiren irudia datorkigu gogora. «Milan» oihu egiten zuen bakoitzean, atzealdeko laukoteak urrats bat egiten zuen aurrera, laurak soka batez lotuta baleude bezala, aurkaria jokoz kanpo harrapatzeko. Ezker aldean Paolo Maldini ari zen. Orain, kilometroek urratuta, erdiko atzelari bihurtu da. Maldinik 84-85eko denboraldian egin zuen debuta Milanekin. Haren paretik, Maradona, Platini, Matthaus, Rijkaard, Michel, Laudrup, eta abar luze bat igaro dira. Zenbat belaunaldi! Atera kontuak: Yoann Gourcouff, egungo taldekidea, oraindik ez zen jaio Maldinik Lehen Mailan debuta egin zuen urtean.

Franco Baresik estilo bat finkatu zuen Lonbardiako taldean, eta Paolo Maldinik hartu du lekukoa. Estilo hori klasean oinarritzen da. Dotoreziaren paradigma da Carlo Ancelottiren taldea, italiar estereotipotik oso urrun. 4-3-2-1 joko sistemarekin oreka eta eragingarritasuna aurkitu du entrenatzaileak. Taldea zahartuta zegoela pentsatzen genuen. Zaharra baino gehiago nagusia da. Heldutasun maila gorena harrapatu du eta Europako Kopa zazpigarren aldiz lor dezake. Jokamolde horrekin, futbolari guztiei etekin bikaina ateratzen die Ancelottik.

Begi guztiak Kaka brasildarraren magian pausatzen dira. Zaleak txunditzeko moduko jokalaria da. Milanen estiloa mutil honengan laburbiltzen da: klasea, hamaika baliabide, dotorezia. 10 gol sartu ditu aurtengo txapelketan, eta Clarence Seedorfekin erasoko animatzaile nagusia da. Holandarrak laugarren txapela janzteko aukera du gaur. Hiru tituluak talde ezberdinekin eskuratu ditu (Ajax, Real Madril, Milan). Kaka eta Seedorf elkarren ondoan jartzen direnean ikuskizuna ikaragarria da. Taldeko aurrelari bakarrari jaten ematen diote biek; Andrea Pirlo Italiako registarik onenarekin batera.

Pirlok egiten du aldea Milanen eta Italiako beste taldeek duten estiloaren artean. Joko antolatzaileak Gattuso eta Ambrosiniren laguntza du albo bietan, bere talentua ateratzeko. Pirlok Interren jokatzen zuen aspaldi. Jokatu baino gehiago, aulkian izaten zen. Erasoko erdilaria zen, Italian mezzapunta dioten horietako bat; Milanek fitxatu zuen arte. San Siroko beste izkinera alde egin zuenean, Ancelottik metro batzuek atzerago ipini zuen, eta Italiak jokalaririk aproposena aurkitu zuen beste edozein talderekin aldea egiteko.

Ivan Gennaro Gattusok aparteko komentarioa merezi du. Edozein entrenatzailek begiak itxita hartuko luke borrokarako mugarik ez duen pitbull-a. Gattuso gabe ezer ez da berdin!

Liverpoolen ere tradizioak indar handia du. Steven Gerrarden garrantzia ezinbestekoa da han. Harrobiko jokalaria da, Maldini bezala, eta Milango kapitainaren bide bera darama. Gerrardek bederatzi denboraldi egin ditu elastiko gorriarekin, eta urte horietan guztietan Europako Kopa eta UEFA Kopa irabazi ditu, besteak beste. Duela bi urteko finalean berak jo zuen kolpea mahai gainean, Liverpoolen aurreneko gola sartuta. Gero Smicerrek eta Xabi Alonsok orekatu zuten lehia. Steven Gerrarden grinari esker, Liverpoolek erakustaldi fisiko ikaragarriak egin ditu Europan. Bartzelonaren eta Chelsearen aurkako kanporaketek arrastoa utzi dute kontinente zaharrean. Milanek klaseari eusten dio, eta Liverpoolek bihotza du ikurra. Grina kapitainak pizten du, eta ondokoak dantzan hasten dira, etengabeko zorabioan.

Milanek dohain gehiago ditu, egoera ezberdinetara egokitzeko baliabideak baititu. Liverpool mugatuagoa da. Liverpoolek bide bakarra ezagutzen du garaipena lortzeko: grina, adorea eta oldarkortasuna. Talentua ere badu, noski. Baina Milanen pausa falta zaio. Erlojuaren horratzak mugitzen hasten diren une beretik, ingelesek ez dute etenik ezagutzen. Hortzak estutu eta azken hatsa bota arte ez dute amore ematen. Hauspoa ikaragarria du Rafa Benitezen taldeak; aurkaria estutzeko lana hiru laurdeneko lerroan hasita. Entrenatzaile madrildarrak etekin bikaina ateratzen dio egunero Melwooden egindako lan sakonari. Ñabardura guztiak aztertzen ditu, eta taktikoki izugarri aberastu du passing game delakoa erreferente duen taldea. Hamaika lekutatik iristen dira jokalariak Liverpoolera, baina bihotza berdina du beti.

Mascherano eta Xabi Alonsorekin lana eta talentua pilatzen ditu Gerrarden ondoan. Zenden gisako jokalariek ere lekua dute talde horretan. Bihotza eskuan beti. Eta horien aurretik jokalari handia aurkitu du Benitezek Holanda aldean: Dirk Kuyt. Aipatu jokalarien borondateari esker, Liverpoolek lana bikoizteko gaitasuna du, eta horrela itotzen ditu aurkariak. Riise ezkertiaren joan-etorriak eta zartako zitalak kontuan hartu behar dira; Bellamyren zuhurtzia; Crouch hankaluzearen abildadea; eta atzealde trinkoa. Liverpoolen indarra atzetik aurrera hasten da. Carragher, Gerrard bezala, harrobiko ikurra da, eta atzealdean giltzarria da, taldeari trinkotasuna emateko. Reina atezainarekin lasai bizi dira. Penalti jaurtiketek erabakitzen badute finala, lehia polita izango du Dida brasildarrarekin. Izan ere, Milanen azken titulua hamaika metroek erabaki zuten, 2003an Juventusen aurka. Orduan Dida atezaina gailendu zen.

Benitezen eskua

Real Madrilen harrobian hazi zen. Del Bosqueren laguntzailea izan zen. Real Madrileko gazteekin lanean hasi zenean, Carlo Ancelottik Europako Kopa jaso zuen jokalari gisa: Baresirekin, Maldinirekin, Rijkaardekin, Gullitekin, Van Bastenekin. Real Madrilen ez zioten aurrera egiteko aukerarik eman Benitezi, eta futbolaren alderik gordinena ezagutu zuen Valladoliden eta Osasunan. Extremadura Lehen Mailara igo zuen gero, Pako Aiestaran laguntzaile prestuarekin. Gauza bera egin zuen Tenerifen. Eta Valentziak iriki zion zeruko atea. Mestallan erakutsi zuen bidea zergatik egin behar izan zuen Madrildik kanpo. Bere planteamenduak zurrunak dira; ikusgarritasunetik urrun. Baina Valentzia hartu zuenez geroztik, ikaragarrizko eragingarritasuna erakusten ari da. Lortu duena ez da kasualitatea izan. Egia da Liverpoolekin irabazitako bi final hamaika metrotik izan direla. Baina final horietara iritsi beharra zegoen egitasmo berri batekin, eta final horietarako inortxok ez zuen talde gorria kontuan hartzen. Gaurko finala irabazten badu, bihartik aurrera Anfield Roadeko ate nagusian Rafa Benitezen irudia jarri beharko dute Bill Shanklyrenaren ondoan. Mitologian sakontzeko gaua izango da gaurkoa.



Benitez: «Ez dut nahi finala berriz penaltietan erabakitzea»

LIVERPOOLRafael Benitez Liverpooleko entrenatzaileak oroitzapen ona du orain bi urte Istanbulen jokatutako finalaz (Turkia). Benitezek, hala ere, ez du nahi orduan bezala, txapela penalti jaurtiketetan erabakitzea. «Ez dut berriro horrelako partidarik nahi. Mediku bat beharko nuke. Hori bai, prest nago berriz sufritzeko, horren truke txapela irabazten badugu. Hala ere, zaila izango da. Oso partida gogorra izango da. Ezin dugu huts bakarra egin, Milanek ez du huts bakar bat ere barkatzen».





Ancelotti: «Ez dugu kitarakorik nahi;beste final bat da»

MILANIgartzen da Carlo Ancelotti ez zela orain bi urteko finalean Milanen aulkian eseri. Italiako taldeko entrenatzaileak atzo aitortu zuen ez dutela kitarakorik nahi. «Iraganeko oroitzapenik gabe jokatuko dugu, beste final bat da, beste historia bat». Ancelottiren ustez, «oso partida parekatua izango da. Ez dugu uste faboritoak garenik».





Jokalariez eta taldeaz «harro» dagoPako Aiestaran

LIVERPOOLPako Aiestaran Ingalaterrako taldeko prestatzaile fisiko beasaindarra finala iristeko irrikan da. Aiestaran oso pozik dago taldeak egin duen lanarekin. «Jokalariek eta taldeaz harro nago. Merezi dugu hemen egotea».





15.000 polizia izango dira kaleetan,istilurik ez egoteko

SEGURTASUNAGreziako Gobernuak ez du istilurik nahi, eta, horretarako, segurtasun neurri zorrotzak prestatu ditu finalerako. Hala, 15.000 polizia izango dira Atenasko kaleetan.





Italiak edo Ingalaterrak Espainiaren marka berdin dezake: 11 txapel

GARAIPEN ZERRENDAEspainiak Txapeldunen Ligako garaipen zerrendan duen nagusitasunarekin buka dezakete gaur Ingalaterrak eta Italiak. Bi herrialde horietako taldeek hamar aldiz irabazi dute txapela, Espainiak baino bat gutxiago. Beraz, gaurko irabazleak Espainiaren marka berdinduko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.