Ezusteko finala jokatuko da bihar Istanbulen (20:00). Olympiakosek inor gutxik espero zuena lortu zuen, Bartzelona ahaltsua menderatu baitzuen Euroligako Lauko Finaleko bigarren finalerdian (68-64). Lehenengoan ere ez zen urrun ibili ezustekoa, Moskuko CSKAk gorriak eta bi ikusi zituelako Panathinaikos gainditzeko (66-64). Finalerdietan zer gertatu den ikusita, finalerako aurreikuspen askorik ez egitea da onena. Moskuko taldea da faborito, baina kontuz Olympiakosekin.
Panathinaikosek eta CSKAk jokatu zuten lehen finalerdia, eta egurrean ekin zion Greziako taldeak. Blokeo eta jarraipenaren bitartez lortu zituen puntu asko eta 29-15 azpiratu zuen CSKA. Defentsa gogortu behar izan zuten errusiarrek, eta atsedenerako parekatua zegoen markagailua: 32-34. Hirugarren laurdenean Kirilenkok hauspoa eman zion bere taldeari, baina Panathinaikosen espero ez ziren bi jokalarik hartu zuten aginte-makila: Papanikolau eta Jasikevicius.
Bigarren finalerdian, Spanoulisek eta Joey Dorseyk erabaki zuten zurigorrien alde. Bere puntu eta asistentziekin, lehenak, eta erasoko erreboteen bitartez Baskoniako jokalari ohiak. Ia beti aurretik egon zen Olympiakos, eta hondarrean sei-zortzi puntuko errenta lortu, finala jokatzeko txartela eskuratzeko.
Euskal Koparin dagokionez, espero baino partida serioagoa jokatu zuten Bizkaiak eta Baskoniak, eta azkenean arabarrek lortu zuten txapela, markagailu estuarekin: 65-69.
Olympiakosek ezustekoa eman du, eta CSKAren aurka jokatuko du final handia
Bartzelona ahaltsua menderatu du, justu antzean; Panathinaikos ere CSKA boteretsua gainditzear egon da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu