Txapeldunen Ligako zozketa egunean lehen fasea gainditzea izaten da talde askoren helburua, eta batzuk, behintzat, lortu zuten atzo, E, F, G eta H multzoetako azkeneko jardunaldian. Olympique Marseilla final-zortzirenetan ariko da balentria ederra eginda, eta baita Zenit ere. Chelsearentzat izan da jokoan zegoen hirugarren txartela, jardunaldiko norgehiagokarik erakargarrienean Valentziari 3-0 irabazi ondoren. Aurrez etxeko lanak eginak zituzten Bayer Leverkusenek, Apoelek, Arsenalek, Bartzelonak eta Milanek. Orokorrean, ez da aparteko ezustekorik izan lau multzo horietan.
Ikuskizuna espero zen Chelsearen zelaian, eta halaxe gertatu zen. Jokoaren ikuskizuna Valentziak eman zuen; golena, ordea, etxeko taldeak. Eta futbolean golek balio dute. Baloiaren jabetza Unai Emeryren taldeak izan zuen partida osoan. Zelai erdian jaun eta jabe izan zen, baina Soldadok ez zuen bere egunik onena izan. Azkenaldian sasoi betean egon arren, atzo ez zuen aurkariaren atea zulatzerik izan. Chelseak kontraeraso beldurgarria dauka, eta hori baliatuta min egin zion Valentziari.
Partida hasi orduko Drogbak gola egin zuen (3. min.), eta gero defentsan zorrotz aritu ziren urdinak. Ramiresek 21. minutuan eta berriz ere Drogba aurrelari finak 75.enean osatu zuten etxekoen festa. Multzoko beste partidan 1-1 berdindu zuten Genkek eta Bayer Leverkusenek. Partida horretan ez zegoen deus jokoan, alemaniarrak aurrez sailkatuta zeudelako. Lehen postua, hori bai, galdu egin zuten. Valentziak Europako Liga jokatu beharko du orain.
G multzoan aukera ederra galdu zuen Portok hurrengo fasera sailkatzeko. Etxean hartu zuen Zenit, eta golik gabeko berdinketaz amaitu zen lehia. Portugaldarrek irabazi egin behar zuten, eta aukerak izan zituzten, baina kamuts aritu ziren ate aurrean, eta larrutik ordaindu zuten. Apoel multzoko buruarekin batera, beraz, Zenitek egin du aurrera. Apoel liderrak , dena den, galdu egin zuen etxean aukerarik gabe zegoen Xakhtarren aurka (0-2).
Olympique Marseilla izan zen F multzoko protagonista nagusia. Bazirudien kanpoan geratuko zela, eta Valverderen Olympiakosek egingo zuela aurrera, baina ez. Balentria ederra egin zuten frantziarrek. Azken bost minututan bi gol sartu eta onenekin ariko da Azpilikuetaren taldea. Olympiakosek 3-1 irabazi zion Arsenali, baina alferrik.
Azkenik, D multzoan, Bartzelonak 4-0 irabazi zion Bate Borisovi, eta Milanek 2-2 egin zuen Viktoria Plizenen aurka. Bi handiak sailkatuta zeuden aurrez.
Olympique Marseillaren balentria
Frantziako taldea, Chelsea eta Zenit egin dira jokoan zeuden final-zortzirenetako hiru txartelen jabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu