Valentzia 1-1 Alaves

Onbidean segitzen du

Alaves irabaztear izan da Valentziaren zelaian, baina ihes egin dio garaipenak azken unean. Irudi ona eman du, eta puntuak bide onean jarraitzeko balio dio. Guidettik sartu du arabarren gola.

enaut agirrebengoa
2021eko apirilaren 24a
22:38
Entzun

Galdu gabe jarraitzen du Alavesek Javier Callejak zuzentzen duenetik. Haren lehen hiru partidetan zazpi puntu lortu zituen, eta  beste bat sartu zuen zakuan, Valentziaren kontra berdinduta: 1-1. Itxura ona eman du, eta hirugarren garaipena kateatzear izan da, aurrea hartu baitzuen azken txanpan. Sari itzela zatekeen, baina berehala iritsi da Valentziaren erantzuna. Hala ere, lorturiko puntuak norabide onean dela berresteko balio dio Arabako taldeari.  

Erritmo handiarekin hasi da neurketa. Hala komeni zitzaion Valentziari. Golaren bila irten da etxeko taldea, Gonzalo Guedesek gidatuta. Toki guztietan ageri zen portugaldarra, eta haren jokaldi goiztiarrek deseroso sentiarazi du Alaves. Beren zelaian katigatuta gelditu dira arabarrak, eta komeriak izan dituzte aurkariaren joko biziari erantzuteko. Haatik, Callejaren taldeak izan du partidako lehen aukera garbia, kaiolako atea irekitzea lortu duen lehen jokaldian. Ez dahurbilketa soil bat izan, Jota Peleteiroren erremateak sareetan bukatu du. Ordea, golak ez du balio izan, Edgar jokoz kanpo baitzegoen baloia areara erdiratu aurretik.  

Valentziaren ekinaldiak gutxituz joan dira, Alavesek zelaian kokapen egokia hartu orduko. Jokalari guztiak engaiatu dira presio lanetan, eta Pina eta Battagliak pase lerroak ixtea lortu dute zelai erdian. Segurtasun handia igorri dute gasteiztarrek. Ez dute sufritu. Baina aurkaria ere ez dute sufriarazi. Lotura lanak egiten saiatu da Peleteiro, ezker hegaletik barrurantz eginda, baina taldea ez da paseak kateatu eta erasoko jokoa sortzeko kapaz izan. Zehaztasunik ezak hartu du hasierako bizitasunaren tokia. Itzali egin da norgehiagoka atsedenera bidean, eta 0-0 amaitu dira lehen 45 minutuak.

Aldaketa suspergarriak
Guedes Alavesen amesgaizto bihurtu da berriz bigarren zatiaren hasieran. Lehenik, sukalderaino sartu, eta erdiraketa zitala egin du. Eta gero, ate aurrean bakarrik gelditu da errebote baten ondoren. Gola esku-eskura utzi dio Gameirori, eta frantziarrak ez du hutsik egin. Alabaina, VARak jokaldia berraztertu du, eta arindua hartu Alavesek: jokoz kanpo zegoen Maxi jokaldiaren hasieran.

Aldaketekin asmatu egin zuen berriro Callejak. Ponsek oxigenoa eman dio taldeari. Hura sartu berritan, erremate akrobatikoa egin du Joseluk. Geroago sartu zen Guidetti, eta 0-1ekoa egin  du 83. minutuan, area txikian baloia ehizatuta. Ordea, bost minutu geroago banakoa egin du Gayak. Huts egin dute arearen defentsan, eta Pachecoren atepeko abilezia ez da aski izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.