Ondarroako Arraun Elkartearen historiarako geratuko da gaurko eguna. Antiguako Ama-k bere historiako lehen garaipena lortu da gaur Eusko Label Ligan, Zierbenan (Bizkaia). Estropada ederra egin dute bizkaitarrek, eta hori gutxi balitz, haizea eta eguraldia lagun izan dituzte. Euskotren Ligan Oriok irabazi du bandera, aurtengo bigarrena, eta sailkapen nagusiaren buruan berdindu egin du Arraun Lagunakekin.
Ondarroak lehen txandatik eskuratu du garaipena. Txanda hasieratik izan du mendean: aurretik abiatu da Antiguako Ama, borrokan ibili dira Lekittarra eta Tiran eta atzetik ibili da Zarautz. Hala, denbora ederra eskuratu dute ondarrutarrek (20:32) eta hori nahikoa izan da bandera irabazteko. Zazpi segundura heldu da Lekittarra, gaurko sailkapeneko bigarrena.
Hirugarrena Santurtzi izan da, ohorezko txandako lehenengoa eta eguneko beste irabazlea. Izan ere, Sotera-k ez du banderarik astindu gaur, baina sailkapen nagusian aurkari zuzenei errenta ateratzeko balio izan dio gaurkoak. Ohorezko txandan lehiatu diren Zierbena eta Orio bederatzigarren eta hamaikarren izan dira, hurrenez hurren. Gauzak hala, 42 puntu situ Santurtzik; sei ateratzen dizkio Hondarribiari, eta zazpi Zierbenari. Orio seigarren posturaino jaitsi da sailkapenean.
Oriok bigarrena
Euskotren Ligan, berriz, garaipen ikusgarri lortu du Oriok. Lehia bizian ibili dira lau traineruak, eta horren ondorio da sailkapena: Oriok 0.54 segundu atera dizkio Donostiarrari, lau segundu Arraun Lagunaki eta 11 Hondarribiari. Ziabogara Donostiako bi traineruen atzetik heldu dira oriotarrak, baina bigarren luze zoragarria egin dute.
Oriorentzat urteko bigarren garaipena da, eta sailkapen nagusiaren lidertzan da Arraun Lagunakekin berdinduta, hamahiru punturekin. Bederatzi ditu Donostiarrak, eta bost Hondarribiak.