Mexiko izan da A multzoko bigarren sailkatua, Kroazia azpiratu egin baitu (1-3) azkeneko jardunaldian. Bietako batek behar zuen izan Brasilekin batera sailkatua, eta Mexikok ondo irabazi dio Kroaziari. Bigarren zatian lehertu da gol festa. Aurreneko zatian ere leher zitekeen, baina kamuts ibili dira bi taldeak erasoan.
Irekia izateko itxura zeukan lehiak, biek behar zutelako garaipena, nahiz eta Mexikok berdinketa balekoa izan sailkatzeko. Kontua da, ordea, Miguel Herreraren taldeak ez dakiela atzean sartuta jokatzen; erasoa du helburu. Gaur ere hala izan da. Kroaziak jokatu du beldur gehiagorekin, atzean sartu samar eta kontraerasoa aurkitu nahian. Talentu tekniko handiko jokalariak izanda, beste eredu batekin taldeak zer emango zukeen ikusi gabe joan da txapelketatik.
Bigarren zatian, azkenera arte ez da golik izan. 72. minutuan sartu du Marquezek gola, korner batean baloia buruz sarean jarriz. Bigarrena berehala etorri da, Guardadok dotore bukatu baitu kontraeraso bat; 75. minutua zen. Kroazia amore emanda zegoen, eta Mexikok baliatu egin du aukera hori, hirugarren egiteko, geldikako beste jokaldi batean. 82. minutuan gertatu da hori. Kroaziak bi minutu geroago sartu dio gola Mexikori (txapelketan jasotzen duen lehena). Perisic izan da golegilea.
Mexikok Herbehereak du zain orain final 1/8etan. Igandean jokatuko dute, 18:00etan. Merezimendu osoz sailkatu da Mexiko, joko ausarta eginez eta ikusteko polita. Eraginkortasun gehixeago izango baluke azkeneko metroetan...