IX. BERRIA Txapelketa

Ondo hasita, hobeto

Zazpi Iturri eta Oberena BERRIA Txapelketako finalerdietarako sailkatu dira, gazte eta kadete mailako bikoteei esker

Iker Espinal, Oberenako kadete mailako aurrelaria. LUIS JAUREGIALTZO / ARP.
Imanol Magro Eizmendi.
2012ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Iruñeko Oberenak eta Amezketako Zazpi Iturrik BERRIA Txapelketako bigarren finalerdia jokatuko dute igandean, Tolosako Beotibarren (17:00). Bi seikoteak iragan asteburuan sailkatu ziren; Markinaren aurka irabazita Oberena, eta Hernaniren aurka irabazita Zazpi Iturri. Bi kanporaketek bilakaera paraleloa izan zuten: bietan aurrera egin zuen taldeak kadete eta gazte mailako partidak irabazi zituen. Txapelketako beste finalerdia asteburu honetan jokatuko da: Bidegoiango Aurrera Saiazek eta Galdakaoko Adiskidek etzi neurtuko dituzte indarrak, Galdakaoko pilotalekuan (19:30).

Markina 1. Oberena 2

KADETEAK

Arrizabalaga-Urizar 6

Espinal-Andueza 22

GAZTEAK

Albisu-Pujana 21

Jaurena-Cordon 22

NAGUSIAK

Beitia-Kastillo 22

Diaz-Etxamendi 15

Iruñeko Oberenak iragan larunbatean kanporatu zuen Markina, Hernaniko pilotalekuan. Irabazleek oso indartsu ekin zioten lehiari, kadete mailako partida 22-6 irabazita. Nafarrak gehiago izan ziren, eta Espinal aurrelaria nabarmendu zen bereziki, guztira hamahiru tanto eginda.

Gazte mailako partida izan zen onena. Oberenak 69 minutu behar izan zituen 22-21 irabazteko. Pujana eta Cordon atzelariek lehia ikusgarria izan zuten, markinarrak nekea sumatu bazuen ere. Galtzaileek eskura izan zuten garaipena, 21-16 aurreratu baitziren, baina orduan agertu zen Juarena Oberenako aurrelaria. Hortzak estutu, eta nafarrek jarraian egin zituzten azken sei tantoak. Lehen bi partidak irabazita, Oberenak aski zuen azken partidan bost tanto egitea, eta arazorik gabe lortu zituen. Betia-Kastillok, halere, Markinaren azken emaitza dotoretu zuten (22-15).

Hernani 1. Zazpi Iturri 2

KADETEAK

Arteaga-Aranguren 3

Altuna-Erasun 22

GAZTEAK

Urkizu-Murgiondo 2

Irribarria-Tolosa 22

NAGUSIAK

Esnal-Grajal 22

Olaetxea-Santxez 14

Zazpi Iturrik igandean lortu zuen finalerdietarako sailkatzea, Hernanin etxeko taldea kanporatuta. Amezketako taldea txapela irabazteko hautagai nagusietako bat da, eta final-laurdenetan bere bikote gazteen ahala erakutsi zuen. Kadeteetan, Altunak eta Erasunek 22-3 irabazi zieten Arteaga eta Arangureni. Iazko txapeldunen aurrelariak hamahiru tanto egin zituen. Nabarmentzekoa ere, Hernaniko bikoteak azken tantora arte erakutsi zuen grina.

Gazte mailako partidak aurrenekoaren antza izan zuen, eta Irribarriak eta Tolosak arazo handirik gabe lortu zuten 22-3koa. Biak ala biak aurkariak baino gehiago izan ziren. Lehen bi partidetako tanto alde handiari esker, nagusi mailakoa hasi zenerako Aurrera Saiazek ziurtatua zuen finalerdietarako txartela.

Hernanik nagusi mailako partidan lortu zuen puntu bakarra. Esnal eta Grajalek 22-14 irabazi zieten Olaetxea eta Santxezi. Partida polita izan zen, eta Esnal beretanoa nabarmendu zen; 38 urte izan arren, oraindik galtzak urratzen jarraitzen du. Hernanik 7-0eko partzial bati esker desorekatu zuen partida (7-7tik, 14-7ra).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.