Partidak hasieratik kolore bakarra izan zuen, Pablo Berasaluzek eta Aritz Beginok soinean zeramaten gorria. Hasieratik hartu zuten aurre markagailuan, eta partida amaitu arte eutsi zioten aldeari. Horrenbestez, biharko finalean Titin III.aren eta Merino II.aren aurka ariko dira atzoko irabazleak.
Bizkaia pilotalekua gainezka zegoen, giro bikainarekin, Aste Nagusia Torneoko bigarren finalerdia ikusteko asmoz. Partidaren hasierak ez zuen huts egin, eta parekatuak izan ziren lehen tantoak. Asegarceko bikoteak beti izan zuen bizpahiru tantoko aldea markagailuan (4-1 eta 7-4), baina Irujok eta Laskurainek erreakzio polita izan zuten, eta lehia berdintzea lortu zuten (8-8).
Partida eraldatzeko bidean zen, baina txapeldunak ez ziren urduritu, eta euren jokoari jarraitutasuna eman zieten. Batzuk gozatzen, eta besteak presaka. Aspeko bikotea larritu egin zen, eta huts nabarmenak egiten hasi zen. Horrela, aitaren batean bost tantoko aldea lortu zuten Asegarcekoek (13-8), partidaren amaiera lasaitasun gehiagoz hartuz.
Orduan iritsi ziren une latzak. Begino aldageletara joan zenean, Irujo epaileei aurreko erabakia protestatzen hasi zen; partidatik kanpo zegoela zirudien. Jokoak jarraitu egin zuen, eta Irujok bi tanto ikusgarri egin zituen, bera gainditzea zaila zela erakutsiz. Orduan, ika-mika izan zuen Berasaluzerekin, eta partidatik zeharo irten zen. Lau huts egin zituen bata bestearen jarraian. Gehienak txapapera botatako pilotakadak izan ziren. Horrenbestez, Asegarcekoek lortutako aldea erabakigarria izan zen (18-14). Lehen partidaren aldean, partida motza izateaz gain, ez zen hain ikusgarria izan.
Titin III.a eta Merino II.a, Berasaluze VIII.a eta Beginoren aurka. Finalerdietako jokoa ikusita, ikusgarria izango da Aste Nagusia Torneoko finala. 17:15ean hasiko den jaialdiko bigarren partida izango da.
Ondo hasitakoak amaiera ona du
Berasaluze eta Begino partida bikaina jokatu ondoren sailkatu dira Bilboko Feriako biharko finalerako
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu