Hitzak neurtu egiten ditu Mikel Orbañanosek (Orio, Gipuzkoa, 1973). Ez du alferrik hitz egiten, baina esan behar duena baino gehiago nekez aterako zaio ezpainetatik. Denboraldiari begira, goian ikusten du bere ontzia, eta joan zen urteko itxura ematea daukate erronkatzat. Banderak irabazi zituzten orduan. Aurten, koska bat gorago egin dezaketen zantzuak eman dituzte denboraldi-aurrean.
Zein helburu ditu Hondarribiak denboraldi honetan?
Iaz bezala ibili nahi dugu. Geure buruari erronka hori jarri diogu. Uste dugu horraino heltzen ba-gara itxura polita emango dugula.
Iaz, banderak irabazi zenituzten. Aurten, faboritoen artean jarrita zaudete. Hala al da?
Ondo ibiliko den trainerua izango da gurea.
Duela bi urte, beherakada izan zenuten, baina harrezkero, denboraldiz denboraldi, gorantz zoazte. Aurten ere, hobetuko al duzue aurrreko urtekoa?
Gure asmoa horixe da, behintzat. Gorantz goaz, eta bide berean jarraitu nahi dugu. Hala ere, badakigu urte guztiak ez direla berdinak izaten, arrauna ez baita matematika, eta, agian, aurten ez dugu egingo aurreranzko pausoa.
Denboraldi-aurreko emaitzak onak izan dira zuentzat. Balekoak al dira erreferentzia horiek?
Lan ona egin dugu, eta konfiantza eta segurtasuna ematen di-gu.
Taldean aldaketa gutxi dituzu iaztik hona.
Bai, halaxe da. Bloke bera da, eta gauza on asko emango dizkigu horrek. Estropada batetik bestera aldaketak lasai egiteko aukera ematen dit. Buruhauste gehiago izango ditut alde horretatik, baina hobe horrela. Arraunketa ondo hartuta dau-kagu; denbora askoan ibiltzen gara batera entrenatzen.
Nolakoa izango da aurtengo San MIguel liga?
Parekatua izango da. Ez dakit aurrenekoaren mailak gora edo behera egingo duen, azkarrago edo makalago ibiliko den, baina oso garbi daukat erdikoen mailak gora egin duela. Hasieran, behintzat, gauzak estu joango dira. Gero, ikusi egin behar.
Entrenatzaile asko ari dira esaten sailkapeneko erdikoen mailak gora egin duela, baina aurreneko txandan lau ontzik joan behar dute, beste bi txandetan bezala. Ezusteko txarren bat espero al duzu?
Ez dakit, baina urtero egoten da halakoren bat. Zorte ona izatea funtsezkoa da gauza hain parekatua izaten denean. Ondo hastea ere garrantzitsua da, gero zuzen joaten zarelako. Aldiz, oker ekinez gero, dena gaizki ateratzen zaizu gero.
Iaz, arraunean besteetan baino gutxixeago egin zenuen. Aurtengorako zertan zabiltza?
Besteak bezala entrenatu naiz, eta beharrezkoa bada zerbait ikusteko, tostetan izango naiz. Baina uzten joatea da asmoa, kanpotik gehiago laguntzeko.
Mikel Orbañanos. Hondarribiko entrenatzailea
«Ondo ibiliko den trainerua izango da gurea»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu