Ondo irabazi behar da

Nancy menderatuta, Top16an sartzea lor dezake Caja Laboralek, baina alde handiarekin irabaztea komeni zaio

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Ez du garaipen soilak balio. Irabazi egin behar da, eta ondo, erraz, beste taldeen emaitzak onak ez badira azken jardunaldiari begira aukera gehiago izateko eta, bestela ere, konfiantza irabazteko. Baliabidez justu samar dabil Baskonia, baina neurria ematen ari da. Euroligan ez hainbeste, baina Ligan bai. Eta etxeko lehiaketako emaitzek hauspoa eman behar diote ligaxka kementsu bukatzeko. Jokatutako azken zazpi partidetatik sei irabazi ditu Ivanovicen taldeak, azkena Murtzian, eta Euroligako kolpeen aringarri izaten ari dira garaipen horiek. Funtsezkoa da gaur Nancy menderatzea, bosgarren garaipena lortu eta beste emaitzen zain egotea, azken jardunaldia nola prestatu jakiteko.

Garaipen soilak Top16an sartzea ekarriko dio, Gescrap Bizkaiak bihar Istanbulen galtzen badu. Baina gerta liteke bizkaitarrek Turkian irabaztea. Azken jardunaldia bero-beroa ekarriko luke horrek, eta hurrengo ostegunera begira, komeni ahalik eta puntu alde handiena lortzea. Batez ere, Olympiakosekin gerta litekeen berdinketari begira (bien puntu aldean berdinduta daude bi taldeak). Greziarrek Canturen aurka jokatuko dute bihar, eta Nancyn azken jardunaldian. Cantu sailkatuta dago dagoeneko, baina laugarren postuan buka dezake, neurketa zailak baititu: Atenas bihar eta Fenerbahce etxean, azkena.

Baskonia herren dabil saskipean, eta atzera segituko du urtea bukatu bitartean. Milko Bjelica ondo osatzen ari da, baina zaila izango da ligaxkan jokatzea. Hilaren 22an, lau aste eskas beteko dira belaunean bihurritua egin zuenetik, eta ez da garaiz iritsiko Bilbora. Joey Dorsey da Ivanovicek saskipean daukan potolo bakarra, eta ez da ari neurri ona ematen. Entrenatzaileak estatubatuarrarekin ekiten die partidei, baina azkar Teletovic eta Nemanja Bjelicaren alde egiten du, bi horiek 3-4 postuan jokatzen duten hegalekoak badira ere. Alegia, ez direla pibot peto-petoak.

Egoera horrek halako urduritasuna sor dezake, Nancyk pibot mugikor eta jauzilaria duelako. Akin Akingbala nigeriarrak sekulako partida jokatu zuen joanekoan. 26 puntutaraino iritsi zen, eta hankapean ibili zituen parean jarri zitzaizkion guztiak. Pentsatzekoa da Ivanovicek ondo aztertu duela partida hori eta Akingbala zaintzeko defentsa berezia prestatuko duela. Golubovicen etorrera lagungarria izango da. 2,11 da luzean, eta astuna da. Akingbalak lanak izango ditu saskipean nahierara mugitzeko

Kontuz trantsizio jokoarekin

Nancyren jokoa oso deserosoa da: azkarra, oldarkorra defentsan, eta hirukoetan oinarritzen dena. Baskoniak badaki zer gertatu zen Frantzian, eta emandako baloi kopurua murrizten saiatu behar du, Nancyk korrika egin ez dezan. Eta egiten badu, falta teknikoak egin. Alegia, saskiratze errazak saihestu nola edo hala, horiei esker ateratzen dituelako partidak aurrera Nancyk. Joko estatikoan ere jokalari iaioak dira Pape Amagou eta Jamal Shuler joko antolatzaileak eta Adrien Moerman hegalekoa. Hirurek dute portzentaje ona urruneko jaurtiketetan, eta adi ibili beharko dute zaintza lanean Pau Ribas, Oleson eta San Emeteriok.

San Emeterioren itzulera da gaurko partidako berrikuntza garrantzitsuena. Espainiarra etxean geratu zen asteburuan, ezker bikian zeukan kolpe mingarri bat osatzeko eta lesioak okerrera egin ez zezan garrantzi handi-handirik ez zuen partidan. San Emeteriok Nicolas Batumen hutsunea baliatzen jakin behar du, bere barneraldiekin min egiteko. Nancyk azken bi partidak galdu ditu, baina Bilbon 35 minutuz ondo jokatu zuen. Fenerbahcek hankapean ibili zuen Nancy gaur zortzi, baina gaur-gaurkoz Turkiakoa da multzoko talde onena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.