Ondorio fidagarrien zain

Pasaian egingo dute gaur San Miguel ligako bederatzigarren estropada, erlojuaren aurka, itsasoan eta ibaian arraun eginezTraineru bakoitza zertan den eta benetako maila zein duen jakiteko aproposa izango da

Hondarribia eta Kaiku elkarren alboan, Zierbenan jokaturiko estropadan, San Miguel ligako aurrenekoan. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Joan dira zortzi estropada San Miguel liga hasi zenetik, eta zenbait traineruren inguruan ondorio argiak eta garbiak aterata daude; baina beste batzuen kasuan, misterio kutsua dabil bueltaka, benetako maila eta lekua non duten asmatu ezinda. Aurreko estropadetan, kaleak direla, eguraldi aldaketak direla, batzuen inguruan zalantza piztu da, gorago edo beherago egon behar ez ote zuten berez. Gaur, aukera egokia da bakoitza zertan den argitzeko.

Pasaian lehiatuko dira hamabi traineruak, erlojuaren aurka (18:30). Era horretan aritu beharrak fidagarritasuna emango die emaitzei. Gainera, eremuak ibaia eta itsasoa uztartzen ditu, eta bietan moldatu beharra dago ondo lan txukuna egiteko. 20:00 inguruan, traineru bakoitzaren maila zertan den eta nolakoa den argiago ikusiko da.

Hiru txandatan banatuko dituzte ontziak, ligako sailkapenaren arabera. Txandako lau traineruak minutuz minutu aterako dira, lau luze eta hiru ziaboga dituen eremuan lehiatzera. Indarra eta abilezia uztartu beharko dituzte arraunlariek ibilbidea osa- tzeko. Eguraldiari dagokionez, haizea dago emanda; iluntzea gerturatuz doan heinean, baretzera egingo du, dena den. Olatuxka ere izango da itsasoan, eta horrek esan nahi du ibaitik kanpoko zati horretan erabaki daitekeela estropada.

Faboritoak, nola ez, azken txandakoak dira, eta laukote horretan Hondarribia eta Kaiku nabarmendu behar dira. Lau eta hiru bandera irabazi dituzte aurtengo ligan, eta zerbaitegatik izan da horrela. Bien arteko lehia baldintza dezake asteko lanak. Izan ere, Kaikuk Bizkaiko txapelketa jokatu zuen asteazkenean, baita irabazi ere, laugarrenez jarraian. Gaur jakingo da, uretan, ea nekea pilatuta ekarriko duen eta ea Jose Luis Kortak aldaketak egingo dituen nekearen eragina gutxitzeko. Urdaibaik ere lana izan zuen aste barruan, eta ez zuten atera uste bezain emaitza ona, bigarren eginagatik Kaikuk alde handia atera zielako —ia 16 segundo—. Orduko gazia gaur gozatzeko aukera harrapatu nahiko dute. Laugarrena San Juan da, estropada antolatuko duen kluba. Egin ditu lan ederrak aurten, eta, zenbaitetan, ia-ia astindu du bandera. Gaur, etxean arraun eginez, eremua ondo ezagututa, tentuz zaintzeko aurkaria izango da agian.

Bigarren txandan izango dira Tiran, San Pedro, Castro eta Astillero. Galiziarrengandik gehiago espero zen aurten, baina ez dabil- tza fin. Zalantza sortzen duen ontzietako bat da. Gaur, denak baldintza berdintsuetan direla, erantzunen bat atera daiteke. Konfiantza aparrak gora eginda dator, gainera, asteon Galiziako txapelketa irabazi baitu. San Pedro fidagarriago dabil, erregular samar. Etxean da, eta etekina atera nahiko dio horri. Bi espainiarren inguruan —Castro eta Astillero— edozer espero daiteke. Onetik eta txarretik dabiltza. Astillerok irabazi zuen asteazkenean Kantabriako txapelketa.

Estropada hasi, ohi bezala, ligako azken lau sailkatuek hasiko dute. Zierbena zuloan da, eta nekez aterako da hortik. Zumaiak nahi du Portugalete gertuago izan, eta hasi beharrean da sei punturen aldea jaten, jaitsierako kanporaketa ez jokatzeko. Pedreñak arnasa hartu zuen aurreko asteburuan, baina eskas aritu da Kantabriako txapelketan —hirugarren—. Batek daki zer egin dezakeen gaur.

Gipuzkoako liga, aurretik

Gizonezkoak lanean hasi aurretik, emakumezkoen txanda izango da (18:00). Gipuzkoako ligako laugarren estropada izango dute jokoan sei ontzik: Zumaiak, Getaria-Tolosak, San Juanek, Oriok, Hibaikak eta Hondarribiak. Sailkapenean hurrenkera horretan daude, eta, orain artekoa ikusita, faboritoen zerrenda ere horrela antola daiteke, San Juan goraxeago jartzeko aukera baztertu gabe.

Bi luze eta ziaboga bat osatu beharko dituzte, gizonezkoen eremu berean. Azkenekoz erlojuaren aurka lehiatu zirenean, Zarauzko estropadan, Zumaia, Getaria-Tolosa eta San Juan oso tarte txikian sartu ziren. Gaur ere berdintasuna espero da, eta, halakoetan gertatzen den bezala, konturik txikienek baldintza dezakete estropada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.