sil-isilik jakin da Pete Samprasek tenisa utziko duela. Isil-isilik, teletipo txiki batek ematen zuen notizia horren berri lehengo astean. Isil-isilik egon da Pete Sampras urte oso bat. Iazko AEBetako Irekia irabazi zuenetik, hain zuzen ere. Pete Samprasek pistan bakarrik hitz egiten baitzuen. Eta ez ahoarekin, erraketarekin baizik.
Teniszale petoa denak Bjorn Borg, John McEnroe, Andre Agassi, Ivan Lendl eta beste tenislari batzuk izango ditu gogoan. Gutxik edukiko dute ahotan Pete Sampras, munduko onena izanagatik, munduko txoko guztietan ezagun egingo zuen karismarik ez zuelako. Ez zeukan, ez zuelako eduki nahi. Erregularra, ikusgarria zen Sampras kantxan, baina partida bukatuta desagertu egiten zen. Inoiz ez iskanbila deigarririk. Inoiz ez keinu txarrik. Inoiz ez neurriz kanpoko haserrerik bere edo epaileen erruengatik. Beti kiroltasunez jokatu du.
Borg, McEnroe, Agassi eta beste ere teniseko mitoak dira, baina mitifikazio horretan zeresan handia izan zuten kantxan eta kantxaz kanpo erakutsi zituzten jarrerak. Jenio bizikoa zen McEnroe, beti keinuak egiten, ahobero sarri. Hollywoodeko izar distiratsuenaren pareko prentsa jarraipena eduki du urteetan Agassik. Eta Sampras? Haren kirol ibilbide dotorearen inguruan milaka irudi eskaini dira, eta prentsa orri mordoa bete. Baina kantxatik kanpo oso gutxi. Horrek beste tenislariek baino oihartzun murritzagoa edukitzea ekarri du, eta oihartzun eskas horrek, ezagupen txikiagoa.>
Estatistika onenak, Samprasenak
Sake ikusgarria izan du dohain onena. Goran Ivanisevic kroaziarra bere onetik atera zuen 1994an, Wimbledonen. Garaiko sake onena zuen Ivanisevicek, baina finalean Samprasek txikitu egin zuen. Joko azkarra, sakea eta bolea, zuen gustuko estatubatuarrak, baina ez zen itsutzen beti sakea egin bezain pronto sarera igotzeko. Pista bukaeran ere ederki moldatzen zen Sampras, beti pistako angelu luzeenak bilatzen, kolpe garaileak egin eta egin, kontrarioa ahalik eta gehien behartzeko. Bilatzen hasita, nekez bilatuko genituzke Sampras baino hobeto aritu direnak pista bukaeran. Agassi izan da arlo horretan onena, eta Agassik izerdi asko atera du Samprasi tantoa egiteko.
32 urte ditu Samprasek. Washington hiriburuan jaio zen. 1.88 da luze, eta sendoa da oso, 85 kilo pisatzen baitu. 1988an egin zuen debuta, eta bi urte geroago jokatu lehen finala, AEBetako Irekia. Andre Agassi zima-luzea zuen aurkaria, eta txikitu egin zuen. 1993a bitarte nahi eta ezin aritu zen, ordea. Lehen zerrendaburua izateko borrokak itsutu egin zuen, nonbait. Urte horretan, hala ere, Wimbledon irabazi zuen aurrena, AEBetako Irekia gero eta Australiakoa 1994ko urtarrilean. Rod Laver australiarrak (Samprasen idoloa) lortu zuen azken aldiz hiru Grand Slam irabaztea errenkadan, Sampras jaio aurretik, 1969an.
Zerrendaburuko onenasei urtez
Lehen postua lortu zuen, eta sei urtez, 286 astez, eutsi zion bere erreinuari, beste inork baino gehiago. Urrezko garai horretan, bederatzi Grand Slam irabazi zituen. Orotara 14 torneo handitan nagusitu da: zazpi Wimbledon, AEBetako bost Ireki eta Australiako beste bi. Roland Garros izan da Samprasen arantza, eta hutsune hori aintzat hartu dute askok Sampras munduko onena ez dela ziurtatzeko.
2002ko AEBetako Irekia izan zuen azken torneoa. 17. zerrendaburua zela ekin zion, baina txapeldunen grina berreskuratu eta Torneoa irabazi zuen. Nor zuen aurkari? 1990. urteko aurkari bera, Andre Agassi; zimarik gabe, hori bai.
Ondorengo 51 asteetan, berririk ez. Isiltasuna. Azaroan haur bat eduki zuen Samprasek (Christian Charles), eta tenisean jokatzeko geratzen zitzaion motibazio apurra galdu zuen. Baina ez zen ofizialki erretiratu. Wimbledonera itzuli nahi zuen, aurreko urteko kaleratze tristea (bigarren kanporaketan) ahaztu nahi zuen. Bere begiko torneoan agur txukunagoa eskaini nahi zien han biltzen diren zaleei, laguntza eskertu, baina horretarako gogorik ere ez zuen bilatu. Agur omenaldia egin zioten atzo. Aukeran, isil-isilik, soinu handirik egin gabe erretiratuko zen Sampras.>
Onena badoa,isil-isilik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu