Onena berriz, baina estu

Australian egin bezala, Jenson Buttonek lortu du 'pole'-a Malaysian, baina Toyota autoak izango ditu justu atzetik

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Bigarren lasterketa eta bigarren pole-a Jenson Buttonentzat. Australian, denboraldiko lehen proban gertatu bezala, larunbateko sailkapen proba jokatu arte ez dute benetako abiadura erakutsi BrawnGPko autoek, baina garaia iritsi denean, azkarrena Button izan da. Halere, taldeak lehen zailtasunak izan zituen, eta Toyota autoak gainean izango ditu. Jarno Trulli eta Timo Glock bigarren eta hirugarren irtengo dira gaurko Malaysiako Sari Nagusian (11:00).

Herenegun izan zituen lehen arazoak BrawnGP taldeak. Oraingoz sasoia amets modukoa izaten ari da Buttonentzat. Zorte txar guztia, ordea, Rubens Barrichellorentzat da. Itxuraz, inolako arazorik gabe amaitu zituen Ross Brawnen taldeak herenegungo bi saioak, baina amaieran brasildarraren autoaren aldagailua ordezkatuko zuela azaldu zuen. Autoari motorrak Mercedesek hornitzen badizkio ere, aldagailua Honda autoarena da.

Horrek kezka eragiten du taldean, konbinazio perfektua ez izateaz gain probatzeko apenas izan baitute astirik. Force India taldeak, adibidez -Mercedes motorrak darabiltza horrek ere-, Mercedesi hartzen dio aldagailua ere, bi elementuok ia gorputz bakarra sortzen baitute autoan elkartzen direnean. Herenegun goizean BrawnGPko bi autoek ke zuria askatu zuten atzealdetik, nahiz eta eguneko saioak arazorik gabe amaitu zituzten. Brawnek onartu zuen hori dela autoaren ahulunea: «Aldagailua da gure kezka nagusia. Oraindik ez dugu kontrolpean».

Barrichelloren zorte txarra

Zoritxarreko gaitza da BrawnGPrena, aurten aldagailuen araudia izugarri zorroztu egin baita: lau lasterketa iraun behar du, eta behar baino lehen aldatuz gero, zigorra bost postukoa da. Australian Lewis Hamiltonek jaso zuen zigor hori, eta Malaysian, Barrichellok. Gainera, entrenamenduetan ez zuen astebete lehenagoko emaitza bera lortu, eta hirugarren zen atzo. Beraz, zortzigarren postutik irtengo da gaur. Ez dirudi Buttoni podiumean lagunduko dionik gaurko lasterketan.

Australian azken lerroetatik hasita, lasterketa aparta egin zuten Toyotako gidariek, eta aurrean amaitu zuten. Gaur errazago izango dute, aurretik hasiko baitira. Sebastian Vettelek egin zuen hirugarren denbora, baina Australian jaso zuen hamar postuko zigorrak atzera bidaltzen du, eta horrek Glocki egiten dio lekua Trulliren atzetik. Horrek esan nahi du Button dela lehena, baina atzetik bi Toyota autoak dituela. Eta aldea ez da handia.

Toyotarena ez da ezustekoa, baina haien tokian Ferrari izango zela zirudien. Baina italiarrek huts galanta egin dute Felipe Massarekin, denbora hobetzeko astirik gabe gelditu eta lehen sailkatze proban gelditu baita brasildarra lehiatik kanpo. Huts onartezina, Stefano Domenicali zuzendariari egotzi beharrekoa. Edonola ere, Ferrarik ez du eman espero zena, Kimi Raikkonen bederatzigarren izan baitzen atzo. Australiatik esku-hutsik atera zen Ferrari, eta tituluak ez ditu barkatzen halako luxuak. Hobetu behar du, eta lehenbailehen, gainera.

McLaren, Renault eta BMW ere ez daude espero behar den mailan. Fernando Alonso justu-justu iritsi zen hirugarren sailkapen probara, baina besteen aldean beste estrategia bat erabiliko du gaur. BMWren artean Robert Kubicak bakarrik lortu zuen hirugarren sailkapen proban sartzea, baina aurreko postuetatik urrun. Eta McLaren ezinean, Australian bezala.

Bi talde dira BrawnGPren mehatxu nagusiak: RedBull eta Toyota. RedBullen maila ona lezioa da Renaultentzat, motor berdina baitute bi taldeek. Vettel erdialdetik aterako da, Australian jaso zuen hamar postuko zigorragatik, eta oso lasterketa ikusgarria ekarriko du horrek, aurrera egingo duelako. Toyota hobeto dago kokatua, eta ez litzateke harritzekoa izango haren bi gidariak podiumera igotzea. Nico Rosberg ere ez dago gaizki kokatua, baina sendotasun handiagoa erakutsi beharko du Williamsekoak.

Azken finean, izen handiek oraingoan ere beste taldeei egin diete leku. Button taldeko lider bihurtzen ari da, eta Toyota autoei jarraitu beharko die ispiluetatik. Talde indartsuen susperraldia espero zen Malaysian, baina oraingoz ez da gertatu. Lasterketa falta da hori guztiz baieztatzeko, baina atzeraegi daude kontrakoa ikusteko. Iraungo al du Buttonen aldagailuak lasterketa osoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.