Onena, Xala sendatu dela

Lekuinekoak fisikoki ondo dagoela erakutsi du partida kaxkar batean, jokoa hartzea falta zaion arren

Onena, Xala sendatu dela.
Imanol Magro Eizmendi.
Tolosa
2007ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Koka-Otxandorena 13

Xala-Eulate 22

Iraupena. 65 minutu.

Pilotakadak. 580

Saketik. Kokak 2; Xalak 1.

Markagailua. 0-2, 2-2, 3-2, 3-3, 3-7, 4-7, 4-8, 5-8, 5-10, 9-10, 9-11, 11-11, 11-13, 13-13 eta 22-13

Besteak. Sarrera erdia baino gutxiago Tolosako Beotibar pilotalekuan. Apustuetako dirua gorrien alde irten zen 100-80ri.

Inork kanporatzen ez duen ligaxka zozoak merezi zuen bukaera eduki zuen atzo Tolosan. Erritmorik gabeko partida hotz eta kaskarrean, deus ere jokoan ez zuen bikoteak irabazi zuen. Lau pilotarien huts festan gauza bakarra nabarmendu zen: Xala sendatu dela, eta fisikoki behintzat sasoi onean dagoela. Jokoaz, tamalez, ezin da gauza bera esan, baina zuriz jantzi gabe hilabete egin ostean, ezin zitzaion gehiago eskatu.

Xalak eta Eulatek bazekiten multzoko azkenak izango zirela, eta atzo entrenamendu gogor bat egitera joan ziren elkarrekin Beotibarrera. Azkenean, baina, uste baino sari potoloagoa lortu zuten. Xalak txukun jokatu zuen. Fisikoki ondo dago, albotarako mugimenduetan ez du beldurrik eta zangoak arin ditu. Azken txanpara arte atzo ez zen fin ibili errematean, baina hamahirunako berdinketaren ondoren berak hautsi zuen lehia. Alboan laukoteko onena eduki zuen, eta hori bost pilota erraz galdu zituela kontuan hartuta. Eulate onena izan zela esatea jokoaren maila kezkagarriaren isla da. Lizarrako atzelari handiak ondo ulertu zuen bere bikoteak ezin zuela gehiegi behartu , eta morroi lana egin zuen. Kideak ez zion sake bakar bat ere kendu eta ondo aritu zen errestoan. Piloteoan ere ondo jaitsi zuen pilota, eta beste munduko ezer egin gabe berak jaso zituen txalo gehien.

Aurrean Kokak ez zuen bere eguna izan. Errematean, sarturikoak baino gehiago huts egin zituen. Xala zabalean behartzearekin itsutu zen, eta etxekalte jardun zuen. Otxandorenak, aldiz, ez zuen piloteoan agindu. Hasieran seguru aritu zen arren, azken txanpan erritmo faltak bera ere kutsatu zuten. Mugairikoak ez zuen Xala saihestu, eta bere hutsek aurkarien ihesaldia erraztu zuten.

Xalak eta batez ere Eulatek hobeto hasi zuten partida, eta Kokak errematean egindako hutsei esker lehen tartea ireki zuten (5-10). Altzakoa, baina, garaiz esnatu zen, eta orekatu egin zuen lehia (13-13). Partidaren erdi aldera Xalak eta Eulatek hutsen itokina estali zuten, aurkariez ez ordea. Kokaren eta Otxandoren huts bana eta Xalaren hiru tanto—bat saketik— nahikoak izan ziren oreka hautsi, eta partida erabakitzeko (18-13).

FINAL-LAURDENAK ZEHAZTUTA. Atzoko emaitzarekin zehatu dira zeintzuk izango diren final-laurdenetako kanporaketak. Hurrengo fasea ostiralean hasiko da, Urdulizen. Gonzalez eta Pascualek Kokaren eta Otxadorenaren aurka jokatuko dute. Larunbatean, berriz, bi partida egongo dira. Titin II.a eta Lasa Olaizola eta Belokiren aurka ariko dira Idiazabalen. Zornotzan, berriz, Leizak eta Zearrak, Asegarceko lehen sailkatuek, Xala eta Eulateren aurka jokatuko dute.

Laugarren kanporaketa igandean hasiko da; Irujok eta Goñik, Aspeko lehen sailkatuek, Bengoetxea eta Ruizekin neurtuko dituzte indarrak Bergaran. Zein izango den zehaztu ez bada ere, bi aste barruko partidetako bat Iruñeko Labriten jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.