Onenaren eta osasunaren kontra

Gutxieneko atsedena hartu barik egin beharko dio aurre Athleticek gaur Bartzelona handiari

Athleticeko jokalariak, Lezaman, astearteko entrenamendua hasi aurretik. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
haritz gallastegi
Bilbo
2012ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Europan lehiatzeak on egiten dio Athletici. Azken hilabeteko partidarik osoenak beste txapelketa bateko taldeen kontra jokatu ditu. Handia izan zen herenegun Veltins Arenan egin zuena. Talde lehiakorra eta ausarta dela berretsi, eta Bundesligako hirugarren sailkatua mendean hartzeko gai izan zen. Ez da egunero ikusten den gauza. Athletic ez baitago ohitua Europan emaitza onak eskuratzera. Baina taldearen dinamika ona denean, eta konfiantzak eta talentuak laguntzen duenean, gaitzak diren gauzak lor daitezkeela ari da erakusten Marcelo Bielsak zuzendutako taldea. Gutxitan lortzen den arrakasta denez, gozatu beharra dago. Inork ez baitaki zenbat urte pasatu beharko diren Athletic antzeko egoera batean ikusteko.

Athleticek gertu ditu Europako Ligako finalerdiak. Hurbilago ezin. Baina ez du denborarik izango Schalkeren kontra eskuratutako garaipenaz gozatzeko. Erronka handi bati aurre egin ostean oraindik ere nekezagoa den beste azterketa bati egin beharko baitio aurre. Gaur Bartzelona ahalguztiduna bisitatu beharko du. Futbol jarraitzaile belaunaldi askok ikusi duten talderik onenaren etxea, hain zuzen ere.

Joko ikusgarria eta emaitzak uztartzea lortu duen talde apurrenetakoa da Bartzelona. Irabazi beharreko guztia irabazita, sekulako mesedea egin dio zale gehien duen kirolari. Bada, futbolean irabazi beharreko guztia lortu duen jokalari kuadrillak gosez jarraitzen du. Ez da ase. Inork ahaztuko ez dituen markak lortzeko asmoa du. Horretarako, orain arte ezagutu izan ez duen egoera bati ari da aurre egiten. Pep Guardiolak, bere betiko taldearen ardura hartu zuenean, ez zuen denbora asko behar izan talde irabazlea egiteko. Frank Rijkaardek utzitako taldean aldaketa txiki batzuk egin, eta hasiera-hasieratik ekin zion taldeari etekina ateratzeari. Ordutik beti joan da aurkari guztien aurretik. Beraz, presioa atzetik zutenek izan dute. Real Madrilek, batez ere.

Baina denboraldi honetan aldatu egin dira rolak. Real Madrilek izan du mendean lehiaketa orain arte. Hamar punturen errenta ere izan du duela hamabost egun arte. Beraz, Messi eta enparauen erronka da Jose Mourinhoren taldeari hamar puntu jan eta Johan Cruyffek Dream Team-arekin egin zuen gisara lau liga erreskadan irabaztea. Lan nekeza izango da, baina kataluniarrek ez dute etsitzeko asmorik. Azken hiru jardunaldietan lau puntu jan dizkiote Real Madrili, eta duela gutxira arte ezinezkoa zirudiena egia bihurtzetik gertuago dago. Horretarako, hori bai, jokoan dauden 27 puntuak irabazi beharko ditu. Bestela, ezinezkoa izango da.

Bi partida 47 orduan

Helburua lor daitekeen itxaropenarekin zelairatuko dira Messi, Alexis, Cesc eta enparauak gaur. Aurrean, berriz, nahitaez burua beste toki batean daukan taldea izango du. Athletic ere, bere mailan, historia egiten ari delako. Azken hamarkadetako denboraldirik osoena ari da egiten. Kanporaketa bidez erabakitzen diren lehiaketetan maila aparta eman du, eta ligan ere txukun aritu da azken hilabetera arte. Kontua da azken lau jardunalditan ez duela maila ona eskaini. Ondorioz, jokoan egon diren hamabi puntuetatik bakarra eskuratu du. Eta, orain, helburu zehatzik gabe geratu da. Txapeldunen Liga, goitik, eta jaisteko postuak, behetik, oso urrun daudela dirudi. Beraz, lehiatzeari utzi gabe sasoi amaierara ahalik eta freskoen ailegatzea izan beharko luke helburua. Lasaitzeak onura gutxi ekarriko bailioke taldeari. Gaur, esate baterako, taldearen konfiantzari kalte egin diezaiokeen egunetako bat izan daiteke. Irabazteko premia daukan talde indartsuaren etxean ondo jokatu ezean, zaku bete golekin itzul daiteke Bilbora. Kontua da Espainiako futboleko agintariek ere ez diotela erraztasunik eman Athletici lehiakor izateko. Futbolarien osasuna zaintze aldera, neurketa batetik bestera, gutxienez, 48 orduko tartea egon behar dela dio arautegiak. Bada, gaur ez da arau hori beteko. Txapelketa onenean ez litzateke horrelakorik gertatu behar. Ikuskizunaren kontra doa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.