Onenarentzat puntuak

Itxako gogor saiatu den arren, Krim nagusitu da Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako aurreneko partidan

Naiara Egozkue Itxakokoa, atera jaurtitzen, atzo Krimen aurka Eslovenian jokaturiko partidan. ITXAKO.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ezin izan du. Itxakok porrot batekin hasi du Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako bidea. 30-26 galdu du Eslovenian, Krimen aurka jokatutako aurreneko partida. Etxeko taldea hobeki aritu zen. Pistan hasieratik nagusitu zen. Eta merezitako puntuak eskuratu zituen. Talde nafarrak sumatu zuen lehiaketako lehen eta bigarren ligaxken artean dagoen aldea. Europako zortzi onenen artekoa da orain jokoa. Lehendabiziko ligaxka gainditu, eta bigarrenerako sailkatu da aurreneko aldiz Itxako, baina argi ikusi zuen atzo Eslovenian esku artean duen erronka ez dela batere erraza. Txapeldunen Liga bi aldiz irabazi duen taldea izan zuen aurrean. Esperientzia handiko taldea alegia. Eta aldea sumatu zen.

Partidako lehen minutuetan agerian gelditu zen pistan Itxakoren aurkariak zer-nolako armak zituen nafarrei aurre egiteko: defentsa ikaragarri sendoa; ate are sendoagoa; eta kontraeraso biziki azkarra. Itxakoren erantzuna ez zen aurkariak erakutsitako gaitasunaren neurrikoa izan. Lizarrakoen defentsak huts egin zuen lehen zatian, nahiz eta bigarrenean estutu, eta jokoa orekatzea lortu. Erasoan ere ezinean aritu ziren lehen zatiko minutu anitzetan, eta Krimek, noski, egoera bere alde baliatu zuen.

Bigarren zatia, orekatuagoa

Bi taldeen artean alde nabarmena sumatu zen lehendabiziko zatian. Erritmoan, batez ere. Baita aurkariaren atean arriskua sortzerakoan ere. Etxekoen eraginkortasuna erabatekoa izan zen. Ambros Martinen jokalariek, berriz, arazo anitz izan zuten aurrean zuten harresia zulatzeko.

Desoreka horrek emaitzan izan zuen isla, eta Krimek hartu zion aurrea Itxakori. Hamaseigarren minuturako 10-6 aurretik zen Esloveniako taldea jada. Egozkue, Aguilar eta Pena pistara atera zituen Martinek nafarren jokoa freskatzeko. Ez zen nahikoa izan, ordea, eta atsedenaldira bost goleko aldearekin ailegatu zen Krim, 17-12.

Bigarrenean gauzak aldatu ziren. Itxakok defentsa aldatu zuen. Hasierako 6-0ko defentsa bazter utzi, eta 5-1ekoarekin saiatu zen. Barbosa aurreratu zen, eta Martinek, halaber, Lekic geldiarazteko ardura hartu zuen bere gain. Jokalari horrek, hain zuzen, min handia egin zien nafarrei partida osoan.

Defentsa estutu, eta jokoa pixka bat orekatzea lortu zuen Itxakok. Mantsotu egin zuen, neurri batean, etxekoen erritmo bizia. Gehiago kostatu zitzaien bigarren zatian baloia Navarrok defendatzen zuen atean sartzea. Itxakoko atezainari esker, hain zuzen ere, Krimek ez zuen alde handiagoa lortu. Hemezortzi geldiketa egin zuen.

Esloveniarren atezain Grubisicek ere partida bikaina egin zuen, eta haren aurrean, gehienetan, ezinean aritu ziren nafarrak. Hogei geldiketa egin zuen. Krimeko jokalariaren lanari nafarrek egindako hutsak gehitzen bazaizkio emaitza argia da. Saiatu bai, baina Itxakok ezin izan zuen nahi izan zuen jokoa egin, eta Txapeldunen Ligako bigarren ligaxka porrot batekin hasi zuen.

Bigarren ligaxkan ari diren bi multzoetako aurreneko bi taldeak baino ez dira sailkatzen Txapeldunen Ligako finalerdietarako. Itxakori argi erakutsi dio Krimek hemendik aurrerako bidea ez dela batere samurra izanen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.