Onenek egin ez zutena

Realean denetik hamaikagarren erakustaldia eman zuen Bravok Espanyolen aurka

Xabier Lopetegi.
Donostia
2010eko urriaren 5a
00:00
Entzun
Txilek atezain onak eman ditu betitik: Sergio Livingstone, Mario Osben, Oscar Wirth eta Roberto Condor Rojas Condor, esaterako. Baina futbolzale bati bote lasterrean herrialde hartako jokalariren bat aipatzeko eskatzen baldin bazaio, zaila izango da Marcelo Salas edo Ivan Zamorano ez aukeratzea. Bi aurrelari, alegia. Ez da kasualitatea, golak sartzen dituztenak baitira sarritan jokalari maitatuenak eta gogoan gelditzen direnak. Baina golak saihesten ere badago erabakigarria izatea eta jarraitzaileen gustua egitea. Mende bateko historian, hori erakutsi duten atezain ugari eduki ditu Realak. Azkena Txilen jaio zen, hain zuzen ere, eta Claudio Bravo ditu izen-abizenak.

Bosgarren denboraldia du Bravok talde txuri-urdinean, baina azken bietan jo du goia. Egia da aurrenekoan bere mailaren berri eman zuela eta gol gutxi sartu zizkiotela, baina irregulartasuna ere erakutsi zuen, eta Realaren jaitsierak haren jarduna ilundu zuen. Bigarren Mailako lehen sasoian, berriz, Asier Riesgok aurrea hartu zion hasiera-hasieratik, eta ezin izan zion postua kendu, baina kexarik gabe onartu zuen ordezko izatea. Baina Juanma Lilloren bigarren denboraldian eta, batez ere, aurreko sasoian, makina bat erakustaldi eman zuen, eta horiei esker puntu asko lortu zituen Realak. Gimnastici falta jaurtiketa batean sartutako golarekin jo zuen gailurra. Gero min hartu zuen, baina Eñaut Zubikaraik ondo bete zuen haren hutsunea.

Hegoafrikan Munduko Kopa jokatu ondoren, bide beretik jarraitzen du txiletarrak Lehen Mailan. Almeriaren eta, batik bat, Vila-realen aurkako norgehiagoketan berebiziko garrantzia izan zuten haren geldituek. Mallorcaren eta Osasunaren aurka, berriz, hotzago aritu zen. Ez zuen zer eginik izan goleko jokaldietan, baina atepetik ateratzerakoan ohi baino zalantzatiago zebilela antzeman zitzaion. Deigarria da, ausardi handiko jokalaria baita. Joan den larunbatean, ordea, Bravorik onena itzuli zen: zailtasunak ikusita kikiltzen ez dena eta presiopean azken minutuetan bikain erantzuten duena. Zerbaitegatik oihukatu zuten zaleek haren izena Espanyolen aurkako partida bukaeran.

Ordutik jaso duen laudorio zaparradari garrantzia kendu zion atzo: «Garrantzitsuena taldeak irabaztea zen. Aste zaila eduki genuen. Kosta egin zitzaigun, baina balio handiko hiru puntu lortu genituen». Onartu zuen atsegina dela taldeari emaitzari eusten laguntzea: «Horretarako entrenatzen naiz astero. Tristea izango zen azken minutu horietan gola jasotzea. Gertatu izan zaigu, eta oso mingarria izaten da». Ez du uste Realarekin jokatu duen partidarik onena izan zenik: «Beharbada, inoizko bost minutu onenak bai, lauzpabost aldiz iritsi zirelako. Baina, agian, norgehiagoka osoagoak izan ditut. Egia da pozik joan nintzela, gauza onak egin nituelako».

Gelditu guztien artean, harrigarriena ekarri zioten gogora. Iker Casillasek joan zen denboraldian Sevillari egindako baten antzekoa izan zen. «Baloia gurutzatu zuten area txikian, eta oso urrunetik joan nintzen bila. Agian aurrelariak uste zuen ez nintzela iritsiko, eta gehiegi fidatu zen, baina haren oinetara bota nintzen ahal bezain azkar. Fede kontua izan zen». Hala ere, talde izaera azpimarratu zuen une oro: «Gauza bera gertatzen da aurrekoek asmatu eta golak sartzen dituztenean. Garaipenak denoi esker lortzen dira». Atea hutsean mantendu izanaren garrantzia ere aipatu zuen: «Guretzat egoera berria zen hainbeste partida jarraian galtzea eta hainbeste gol jasotzea, baina lasai geunden, bagenekielako hobetzeko tarte handia geneukala».

Nolanahi ere, defentsan oraindik ere badago zer egina, haren ustetan. «Gu guztion erantzukizuna da, erasoa bezala. Hemen ez dago errudunik. Baina aukera dezente sortzen dizkigute eta horretan apur bat ari gara huts egiten». Atsedenaldia gauzak zuzentzeko ondo etorriko zaiela esan zuen. Txileko selekzioak lagunarteko partidak jokatu behar ditu, baina Donostian geldituko da Bravo, ez dutelako deitu. Hala ere, kezkarik ez zuen azaldu: «Azalpenik ez dut eskatu behar. Gauzak nahasi daude, federazioko presidentetzarako hauteskundeak daude tartean eta beste jokalari garrantzitsu batzuk ere kanpoan gelditu dira».

Donostiara iritsi zenetik, arazorik gabe onartu du Bravok bere helburua talde handi batera jauzi egitea dela. Bere garaian merkatuan merke jarri zuen zuzendaritzak, Riesgorekin batera; baina, zorionez, eroslerik ez zen azaldu. Orain 2015. urtera arte du kontratua; etete klausula handiarekin, gainera. Eta klubaren aktiborik garrantzitsuenetakoa da; bai kirol aldetik, goi mailan bermea ematen duen atezaina edukitzeak asko balio duelako, eta bai ekonomia aldetik, erakusleiho bikaina delako Lehen Maila eta horrela jarraituz gero asko igoko delako haren kotizazioa. Txileko atezain onenek lortu ez zutena lortzeko bidean da: Europan arrakasta eduki eta bertan finkatzea.



Nortasun agiria

Izena. Claudio Andres Bravo Muñoz.

Jaioterria. Buin (Txile).

Jaioteguna. 1983ko apirilaren 13a.

Garaiera. 1,84 metro.

Pisua. 84 kilo.

Postua. Atezaina

Ibilbidea. Colo Colo (2003-2006) eta Reala (2006tik).

Partidak Realarekin. 93 partida jokatu ditu, eta gol bat sartu du.

Bestelakoak. 47 aldiz jokatu du Txileko selekzioarekin. Munduko Kopa batean (aurten) eta bi Amerika Kopatan aritu da (2004an eta 2007an). Aurreko sasoian, Bigarren Mailan gol gutxien sartu zioten atezaina izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.