Espainiako hegoaldean, Andaluzian, txangoa hasiko du Osasunak gaur, Ligan Malagari eta Kopan Almeriari aurre egiteko. Alemanian ebakuntza egin berri dioten Masud irandarra eta Ruben erdiko atzelari galiziarra izan ezik, beste jokalari guztiak sartu zituen atzo deialdian Jose Luis Mendilibarrek, baita min hartuta daudenak ere. Ligan sailkapenaren postu gozoenetan sartzea eta Kopan kanporaketa bideratzea dira asteko helburuak. Kopa ahaztu eta Ligan jarri behar da arreta orain, dena dela.
Malaga talde indartsua da, La Rosaledan, batik bat. Real Madrilen aurka soilik galdu du etxean Liga hasiz geroztik, eta beste bost norgehiagokak irabazi egin ditu. Erronka zaila dute nafarrek gaur arratsaldean, beraz. Baina Mendilibarren jokalariek badakite irabaziz gero Malagari sailkapenean aurrea hartu eta Europan lehiatzeko postuetan kokatuko direla. Bada, gorputz eta arima lehiatuko dira.
Azken partidetan joko triste samarra erakutsi badute ere, gorritxoak puntuak batzeko gai izan dira, eta orain bi jardunaldi Espanyolen zelaian etxetik kanpoko lehen garaipena lortu ondoren, bigarrenaren bila irtengo dira gaur. Iragan sasoian etxetik kanpoko lehen partida La Rosaledan irabazi zuten nafarrek Sergioren gol bati esker. Mendilibarrekin Nafarroako Erresumatik at irabaztea lortu zuten lehendabiziko aldia izan zen, eta balentria errepikatzeko gai direla erakutsi nahi dute. Hori bai, horretarako iragan asteburuan Betisen aurka baino hobeto jokatu beharko dutela badakite.
Monrealen aurka
Neurketa berezia izango da gaur arratsaldekoa Natxo Monreal ezker hegaleko atzelari nafarrarentzat. Bere kirol ibilbidea Osasunan burutu ondoren iragan udan Malagara alde egitea erabaki zuen, eta gaur bere bihotzeko taldea izango du aurrean. Lehendabiziko jardunaldietan ia batere jokatu ez bazuen ere, Eliseu portugaldarrak min hartu zuenetik postuaz jabetu da, eta ondo ari da aspaldian. Gaur lagun asko izango ditu aurrean, baina Estrada Fernandez epaileak partidaren hasiera adierazi orduko, aurkariak izango ditu lagunak baino gehiago.
Osasunan Damia eta Nekunam zigortuta daude, eta Roversio eta Lolo dira horien postuak betetzeko hautagai nagusiak; Raitala edo Satrustegi ezker hegalera igaroko dira. Satrustegi ez ezik, bigarren taldeko Roberto Torres erdilaria ere deialdian da. Bigarren taldearekin bere multzoko golegilerik onena da, eta gaur debuta egin dezake.
Onenekin egoteko gai dela erakutsi nahi du Osasunak Malagan
Gaurko aurkariari aurrea hartu eta Europan lehiatzeko postuetan amaitzea da gorritxoen helburua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu