«Onenen artean egon naiteke, eta horregatik ditut jokatzeko aukerak»

Zarautz Hiria torneoa irabazi eta onena izan da; emandako aukerei etekin ona ateratzen ari da, eta gailurrean jarraitzeko asmoa agertu du

Dani Gibelalde
2003ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Hilabete honetan aspaldian baino partida gehiago jokatzen ari da Mikel Unanue. Pilotari gazteek enpresen eta jendearen arreta bereganatu duten garai hauetan, beteranoak ere punta-puntan ari diren adibide da Añorgakoa. 35 urte ditu, eta ez du berehalakoan pilota uzteko asmorik.

Zarauzko torneoan irabazi, eta pilotari onenaren saria eman dizute. Nola ikusi duzu zeure burua?

Ongi, Patxi Ruizek ongi lagunduta. Denboraldi txukuna egiten ari nintzen, eta lehen partidan Titini irabazteak konfiantza handia eman zidan, eta finalean ere ederki aritu nintzela uste dut. Jendeak ondo erantzun du, eta partida onak atera dira.

Udako lehen bi txapelketak ez dituzu jokatu. Zarauzkoaren ondoren, Donostian arituko zara. Enpresa zugan sinesten hasi al da berriz?

Jende asko gaude, eta torneoak bi edo hiru bikotek jokatzen dituzte. Horrenbeste aurrelari egonda, uste dut gehienok elkar ordezkatu dezakegula, eta une honetan onenak ari direla jokatzen. Txandaka aritzen gara. Nafarrak direnek, inguruko torneoakjokatzen dituzte, eta gipuzkoarrak garenok gure eskualdean gehiago aritzen gara. Aldaketak izatea da garrantzitsuena.

Zergatik uste duzu sartu zaituztela Zarautzen eta Donostian, gipuzkoarra zarelako edo bolada onean zaudelako?

Biengatik. Batetik, argi dago etxean jokatzen denean, beti egon behar dudala nik edo Kokak. Nire ustez, bietako batek egon beharko luke. Bestetik, biok denboraldi ona egiten ari garela iruditzen zait, eta torneoren batean egotea merezia genuela.

Asegarce gazteen aldeko apustua egiten ari da azkenaldian. Alboratuta sentitu al zara?

Ez, hori bizilegea da. Niri ere lagundu zidan enpresak, eta orain haiei [gazteei] laguntzen die. Enpresaren etorkizuna dira. Neronek ere ulertzen dut, pixkanaka-pixkanaka, estelarretan hasi behar dutela, eta partidek haientzak izan behar dutela. Hori bai, inori ez zaigu gustatzen alboan uztea. Nire ustez, enpresak estimatzen du nire lana, eta nik ere erakutsi diet onenen artean egon naitekeela. Ez dago arazorik, batzuetan gazteak aukeratzen dituzte, eta besteetan ni.

Binakako ofizialean legez, Donostian Peñagarikano izango duzu atzelari. Zer moduz konpontzen zara harekin jokatzen? Eta Ruizekin?

Peñarekin ongi. Gaztea da, eta batzuetan esperientzia falta eta urduritasuna nabaritzen zaizkio. Atzelari ona da, partidetan ongi ari da, eta denborak aurrera egin ahala, onenen artean izango da. Patxi Ruizekin agian gehiagotan jokatu dut, eta agian hobeto ezagutzen dut. Biekin oso ongi. Nire estilokoak dira, badakite piloteoan agindu behar dutela ondoren nik aukerak izateko.

Nor da aurrelaririk arriskutsuena?

Pilota onak hartzen badituzte, Aimar Olaizola eta Titin. Deserosoena, agian, Asier Olaizola, abiadura handiarekin jotzen duelako pilota. Horiekin batera, beti egoten da besteren bat, Berasaluze VIII.a, Koka...

Aukeran, nor nahiago duzu aurkari, aurrelari errematzailea edo jotzailea?

Atzelariak zeresan handia du horretan. Zure atzelaria bestearen menpe egonez gero, okerragoa da aurkari errematatzaile izatea aurrean. Hobe da aurkariak indartsuago ematea, baina ez egitea horrenbeste tanto iaiotasunez. Eta alderantziz, pilota gehiago baditut, hobea da defentsa txarragoa den beste baten aurka jokatzea. Niri errematatzaileen aurka jokatzea gustatzen zait, hori delako nire jokoa, eta elkar nahasten dugulako.

Noiz arte ikusiko dugu Unanue frontoietan?

Ilusio handia dut oraindik, eta ez dut asmorik erretiratzeko. Horrela jarraituz gero, ez dakit zenbat denbora, baina zenbait urtetan jarraitzea gustatuko litzaidake. Beste gauza bat da maila jaitsi eta ezin dudala ikustea. Oraingoz, ez dut erretiratzeko inongo asmorik. Urtebeterako kontratua geratzen zait Asegarcerekin, eta aurrerantzean ere jokatzen jarraitu nahi dut.

Sanmateotan jokatzeko itxaropenik bai?

Bai, espero dut sartzea. Ez dakit zenbat bikote izango diren, baina tira, han izatea espero dut. Gero eta gehiago jokatzen ari naiz. Hori ondo datorkit, gorputz pisutsua dudalako.

Ezkerra den atzelaririk ez dago profesionaletan. Zergatik ote?

Ezkerrak pilotazaleengana biratu behar du gorputz guztia. Mugimendu hori, biraketa hori, behin eta berriro egitea sekulako pasada da. Halere, ikusia dut baten bat afizionatuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.