Azken-aurreko urratsa egin nahi dute. Finalerdietako ligaxkan sartzea txapelketako helburua ongi beteta izatea da lau t'erdikoan. Hurrengo denboraldirako ere koska berean aritzeko eskubidea irabazten da horrela -errespetatzen denetan behintzat-, eta datozen hiru partidak tentuz eta lasai prestatzeko aukera ere bai. Iritsi da azken-aurreko urratsa egiteko eguna. Aurtengo txapelketako lau zerrendaburuak asteburuan sartuko dira lehian. Txapelketa prestatzeko egun gehien izan dutenak dira, modalitateko erreferente nagusiak, baina hotzean eta aurretik aritu gabe, beroan eta aurretik bi partidatan aritu direnen aurka jokatzea tokatuko zaie. Aimar Olaizola txapelduna, Juan Martinez de Irujo txapeldunordea, Titin III.a eta Pablo Berasaluze dira zerrendaburuak.
Erabakita daude egunak eta frontoiak. Aimar Olaizola txapeldunak larunbatean jokatuko du, Julen Retegiren kontra, Iruñeko Labrit frontoian. Retegi Bik egin du aurten ere berea: bi kanporaketa gainditu ditu eta finalerdien atarian jarri da. Olaetxeari irabaztea ez zen ezustekoa izan, baina Patxi Ruiz bidean uztea eta uzteko modua izan ziren, bai, ezustekoak. Txapelduna da beti faboritoa, baina erraztasunik ez dezala espero.
Juan Martinez de Irujo txapeldunordea, buruz buruko egungo txapelduna, igandean ariko da, Eibarren, Oinatz Bengoetxearekin. Leitzako aurrelariari pasatu zaio honezkero larunbatean Lasak eman zion sustoa, eta kontrario ezeroso eta arriskutsua da edonorentzat geroztik. Baita Irujorentzat berarentzat ere hasieratik asmatu ez eta partidan sartu ezean.
Titin III.ak garbi dauka lau t'erdia dela denboraldia salbatzeko gelditzen zaion azken heldulekua. Bere jokoa aztertu eta jokatzeko aukera ongi hausnartu ostean eman zuen baiezkoa, eta buru-belarri aritu da geroztik horrenbeste loria eman dion kaiola barruan. Ostiralean jokatuko du, Balmasedan (Bizkaia), Asier Olaizolaren kontra. Partida biribilik jokatu gabe agian, baina aurten ere bi kanporaketa gainditu eta finalerdien atarira iritsi da Goizuetako zaharrena. Ea zenbateraino nahasten den Titinen sarean.
Pablo Berasaluzek Abel Barriolaren tokia ongi hartua eta ongi betea izan dela nahi du erakutsi. Norgehiagoka ikusgarri eta bitxiaren itxura dauka astelehenean Tolosan jokatuko duen horrek. Gonzalez kontrarioak, izan ere, berdin eman du orain arte txarretik eta onetik. Azkena onetik eman zuen, ea ze tokatzen den astelehenean.
Txapeldunek galdu Gernikan
Urriko Azken Asteleheneko jaialdia jokatu zen atzo Gernikan. Partida nagusian, galdu egin zuten Foronda eta Lopez munduko txapeldunek, Lander eta Irastorzaren kontra (30-23). Atzo Gernikan jokatuta, puntista asko AEBetara bidean jarriko dira. Lopez gaur abiatuko da Miamira.
Partida nagusi hori baino lehen, Areitioren abiadura marka apurtzeko desafioan, Lopezek, Irastorzak eta Enbilek hartu zuten parte, baina inork ez zuen 302 kilometro orduko abiadurarik lortu. Lopezen pilotakada bat izan zen azkarrena, eta 221 kilometro ordukoa izan zen.
Onenen garaia
Olaizola II.a, Irujo, Titin eta Berasaluze VIII.a zerrendaburuak lehian sartuko dira asteburuan Lau t'erdiko Txapelketan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu