Tourrak 100 urte bete ditu. Behin bakarrik betetzen direlako, ospakizun berezia delako, antolatzaileek ibilbide berezia prestatu dute. Berezia eta gogorra. Gogorregia. Azaleko gainbegiratua botata, beldurtu gabe esan liteke mendi asko dagoela Tour honetan. Gehiegi. Infernuaren atarian daude txirrindulariak. Jipoi galanta hartu behar dute karreristek hiru egunotan, Alpeetan, gora eta behera, edo gora eta gora, mendi lepoa, mendiaren beste aldera, jaitsiera lasaigarrira, daraman pasabidea itsu-itsu bilatzen begirada nekatuarekin, edota helmugako pankarta desiratuarekin amesten. Baina ametsa errealitate egin bitartean, sufrikarioa latza izango da, izerdi tanto potolotan blai.
Triskantza sekulakoa izan daiteke eta ez harritu lasterketa erabakita, edo oso argituta, geratzen bada astelehen arratsaldean, bederatzigarren etaparen akaberan. Hiru etapa eta 600 kilometro baino gehiago egingo ditu tropelak hiru egunetan, bata bestea baino gogorragoa. Lyonen hasi eta Morzine Avoriaz herri ezagunean bukatuko da gaurkoa, lehenengoa. Ez dira mendate ezagunak edo aldats amaigabeak igotzen, baina astebete egurrean, orduko 50 kilometroko batez bestekoa egin ondoren, ordekatik mendira egingo dute jauzi txirrindulariek. Hankak ohitzeko tartea izango dute, behintzat, etapak 230 kilometro dituelako.
Bigarren mailako mendate bi, hirugarren mailako beste bi eta lehen mailako beste bat gainditu beharko dituzte gaur. Lehen mailakoa, La Ramaz mendatea, helmugatik 22 kilometrora dago. 14 kilometro ditu eta %7ko desnibela. Bada zerbait. Les Gets mendate txikia ere gainditu beharko dute Morzinera iritsi aurretik.
Bihar 216 kilometro, eta Galibier eta Alpe D'Huez
Alpeetako bigarrena da guztietan gogorrena. Beldurgarria da. 216 kilometro ditu eta azken 90 kilometroetatik 45 gora dira, eta ez nolanahiko maldetan. Telegraphe-Galibier mendateko gertaera mitikoek bete dituzte Tourreko historiako orri asko. Gertukoena 1998koa da. Marco Pantani eta Jan Ulrich erraldoien arteko borrokaren lekuko izan ginen orduan. Euripean, lainopean, Pantanik txikitu egin zuen Jan Ullrich bere pedalkada arinarekin, eta bere Tour bakarra irabazteko pauso erabakigarria eman zuen.
30 kilometroko aldapa, aldapa serioa da. Are gehiago batez besteko desnibela %6,8koa bada. Are gehiago mendateak 2.645 metroko garaiera badu. Are gehiago igoerako azken bederatzi kilometroak 2.000 metrotik gora egiten badira. Oxigenoa gutxitzen hasten da altuera horretan eta karreristak ahozabalka egiten du bidea, ez dagoen airearen bila. Are gehiago, 35 graduko bero sapa egiten badu. Eta zer esanik ez eguraldi bustia eta hotza badago.
200 kilometro egin eta hanka zuztarretako gihar lehortuak beste koska bat zigortu nahi dituenak, izango du, bai, non zigortu: Alpe d'Huez mitikoan. Igoera erregularra, polita, pikoa da, 21 bihurgune bihurri dituena. Zenbaki hotzei atxikita, beldurra, galanta: 14 kilometro eta %8ko desnibela.
Astelehenean Izoard da mendate zail bakarra, baina karreristek nekea gainetik kendu ezinda jardungo dute eta etapa mugitua bada tropela zeharo hauts daiteke Gap hirira bidean. Izoardek 23 kilometro ditu, %6ko desnibelarekin. Helmugaraino 100 kilometro geratuko dira gainetik, gorabeheratsuak etapako azken laurdenean.
Armstrong eta US Postalen jarreraren zain
Lasterketa mugitzeko gogoa, ausardia izango duten txirrindulari asko daude. Igotzaileak kilometroa baino luzeagoko aldatsen zain daude, irrikan, bizikleta dantzan jartzeko, plater txikia sartzeko. Gogoa eta ausardia baino, Armstrong eta US Postalen jarrerak baldintzatuko ditu Alpeetako etapak. Estatubatuarrak maillot horia jantzi eta lasterketa lehertu nahiko du, aurreko urteetan egin duen antzera. Asmo hori etapetako azken mendatean erasotuta gauzatu du, baina eraso hori mingarriagoa izateko lasterketa lotu nahiko du Armstrongek, onenen tropela estutu, ilara ahalik eta gehien tenkatu. Oilarrak zigortu eta urruneko eraso arriskutsuak saihestu nahiko ditu horrela, bide batez.
Kontrol lan horri muzin egiten saiatu beharko lukete dozena erdi karreristek. Iban Mayo da euskaldunen itxaropena. Dauphine-Liberen irabazi zuen etapa batek gaurko etapa bukaera bera zuen. Ibanestoko Mancebo eta Mercado dira mugitu behar duten beste bi, baita Telekom taldeko Botero ere. Eta Simoni? Estuen bera zainduko du Armstrongek, italiarra delako igoeretan bere erritmoa jarrai dezakeen bakarretakoa. Ikusgarria izan daiteke bien arteko lehia, Alpe D'Huezen batez ere. Iñigo Chaurreauk (AG2R), Richard Virenquek (Quick Step), Ivan Bassok (Fassa Bortolo), Tyler Hamiltonek (CSC) edo Stefano Garzellik (Caldirola) ere paper garrantzitsua joka dezakete.
Joseba Beloki eta Ullrichen jarrera ere aintzat hartzeko modukoa izango da. Batzuentzat, nahiko lan du ONCE-Eroskikoak Armstrongen gurpila jarraituta. Besteentzat eraso egin behar dio. Baina posible al da hori? Ostera, nekez mugituko da Ullrich. Eusten saiatuko da Bianchikoa, ondo bidean, eta ostiraleko erlojupekoan Armstrong gainditzen ahalegindu. Ordurako, ordea, pilatutako atzerapena gaindiezina izan liteke.
FRANTZIAKO TOURRA
Ongi etorri infernura!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu