Koteto Ezkurra. Oriamendiko pilotaria

«Ongi ikusten dut neure burua hamalaugarren finala jokatzeko»

jon eskudero
Donostia
2011ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Erremonteak eman duen ikur handienetakoa da Koteto Ezkurra (Doneztebe, Nafarroa, 1973). Hamar txapel irabazi ditu buruz buru, baina gehiagorako gosez dago oraindik. Beteranoa izan arren, hasiberri baten ilusioarekin ari da txapelketa prestatzen.

Urte guztian binaka jokatzen egon ondoren, ekin al diozu banakako prestakuntza lanari?

Bai, noski, bi aste inguru daramatzat banaka jokatzeko prestatzen. Astean bizpahiru lan saio egiten ditut —partiden arabera, betiere—, baina hurrengo asteetan atseden gehiago hartzen hasiko naiz, kolpeari fresko eusteko.

Zer moduz zaude?

Ongi, oraingoz ongi sentitzen ari naiz. Buruz buru jokatzeko bi gauza hartu behar dira kontuan: fisikoa, eta psikologikoki prestatuta egotea. Azken hori uste baino erabakigarriagoa gerta daiteke amaieran, eta nire esperientziak lasaitasuna ematen dit alde horretatik. Fisikoki ere nahiko txukun nago, baina oraindik sobera denbora daukat.

Azken lau partidak galdu egin dituzu. Herenegun, gainera, alde handiz. Arduratzen al zaitu horrek?

Egia esan, batere ez. Banakakoa prestatzen hasten zarenean binakako jokoa galdu egiten da, eta horregatik ez naiz fin ibili. Hori bai, herenegun urteko partidarik txarrenetakoa jokatu nuen, eta hobetu beharko dut txapela irabazi nahi badut.

Hamar txapel badituzu. Hamaikagarrena irabazteko gai ikusten zara?

Bai, bai, zalantzarik gabe. Azkenurteetan lehortean nengoen, baina iazko txapelak izugarrizko poza eman zidan. Nire helburua finalerako sailkatzea da lehenbizi, eta hamalaugarrena jokatzeko ongi nago, ilusioz eta gogotsu. Behin finalean sartuta, zorteak erabakiko du.

Pilotari bikainak daude, izen handiko. Norbait ikusten al duzu denen gainetik?

Pilotari izugarriak daudela ezin daiteke ukatu. Denok elkar ongi ezagutzen dugu; seiok gara faborito. Urrutia eta Zeberio II.a beti daude indartsu, eta San Miguel ere bai. Uterga eta Urriza ere sasoiko daude. Ez dago faboritorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.