Sven Nys

Opari «sinestezina»

39 urte beteta, eta erretiroaren urtean, Munduko Kopako 50. garaipena eskuratu du flandriarrak, Wout van Aert gaur egungo izarra menderatuta.

unai zubeldia
2015eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Beste hainbatek bezala, Koksijdeko (Flandria) azken-aurreko bihurguneak ere gozatu ederra hartu zuen, herenegun, Sven Nysekin (Crelan-AA Drink). Wout van Aerten (Vastgoedservice-Golden Palace) erabakiaren kontra, barru-barrutik hartu zuen bihurgunea flandriarrak, eta azkenaldiko pedalkadarik ikusgarrienak eman zituen lokatzetan. Zuzengunearen bi aldeetan ziklo-krosaren iragana eta etorkizuna. Orainean bat eginda. Eta zaleak ikusten ari zirena sinetsi ezinik. «Nire azken denboraldian, sinestezina da hau. Jarrera zoragarria izan dute zaleek. Goia jo dut». Bi eskuak aurpegi lokaztuan zituela, Munduko Kopako 50 garaipenetako bakoitzarekin gogoratu zen Nys helmugan.

«Gozatu egin nahi dut nire azken denboraldian». 39 urte beteta, ziklo-kroseko inoizko izarrik handienak hala aitortu zuen denboraldiaren hasieran. Eta asteburu honen gisako zerbait izango zuen buruan adierazpen horiek egin zituenean. Larunbatean, gozatua hartu zuen Hasselten (Flandria), urtebete pasatxoren ondoren lasterketa bat irabazita; eta are zoragarriagoa izan zen herenegungoa, Munduko Kopakoa, Koksijdekoa. 1998-1999ko denboraldian eman zuen lehen kolpea Munduko Kopan, 22 urte eskasekin, eta herenegun orain arteko azkena, 39rekin. 2012ko abenduaren 26an Heusden-Zolderren (Flandria) bi besoak altxatu zituenetik, lehiaketa nagusian neurri horretako gozaturik hartu gabe zegoen flandriarra.

«20-21 urteko gazte baten pare jarraitzen dut gozatzen ziklo-krosarekin». Hain zuzen ere, hor dago sekretua. «Hotz egiten du jada, lokatza dago zirkuituetan, irristakor dago dena... Sven Nysen egoerarik onenean gaude». Irribarrea ahoan, izar handiak larunbatean egin zituen adierazpen horiek, eta, zalantzaren bat zeukanarentzat, dakien lekuan eman zuen azalpenik argiena: lokatzetan. Munduko onenak atseden hartzen ari zirela eta, baretu egin nahi izan zuten Nysen larunbateko balentria, baina Van Aert Munduko Kopako egungo liderra alde batean —21 urte—, eta Mathieu van der Poel egungo munduko txapelduna bestean (BKCP-Corendon) —20 urte—. Azkenaldiko argazkirik ederrena eskaini zuen Koksijdeko podiumak. «Zoragarria da sentsazio hau. Munduko onenak parean neuzkala lortu dut garaipena»

Gorputza bere onera ekarri ezinik eta burua makurtuta, etsita helmugaratu zen Van Aert, baina Nysen garaipena eta kirol ibilbidea goratu zituen berehala. «Errespetu handia zor diot. Txapeldun handia da». Bere txarrean, Munduko Kopako lidergoari eusteko gai izan zen, behintzat. 220 puntu dauzka orain Van Aertek, 215 Nysek, eta 200 Lars van der Haarrek (Giant-Alpecin). Ziklo-krosari kostako zaio herenegungoaren pareko ikuskizuna eskaintzea, baina abenduaren 20an Namurren (Valonia) jokatuko da Munduko Kopako hurrengo proba. Javier Ruiz de Larrinaga (MMR) 28. izan zen Koksijden, eta postu horretan dago sailkapen nagusian ere, 65 punturekin.

Erretiroaren albisteak

Izenburu deigarrien eta letra larrien bila ibiltzen da kirol kazetaritza, eta 2014an askok beldurrik gabe itzali zuten flandriarra. Garaipenetik urrun eta sentsazioetatik are urrunago, Nys ezinean ibili zen zirkuiturik gehienetan. Inon ez zen ageri urte gutxi atzera teknikoki artista eta fisikoki beldurgarria zen txirrindulari puska hura. «38 urte dauzka eta hamazazpigarren denboraldia du jada. Normala da». Hori zen gehienen ustea. Lokatzak, gehienean, baiezkoa eman zuen ustea.

Baina, agurra hain gertu ikusi duenean, indarberritu egin da zaleen kutuna. Lekutan dago 1998-1999 denboraldia, Rabobank erraldoiarekin lehen kontratu profesionala sinatu zuen sasoia. Artean hasiberri lotsatia zela, Superprestigioa irabazi zuen debuteko denboraldian, eta podiumeko hirugarren koskara igo zen Belgikako Txapelketan. Rabobanken mesedetan Belgikako selekzioa kaltetu zuen Munduko Txapelketa; lesioak; selekzioko kideekin arazoak; Bart Wellems edo Richard Groenendaalen agerpenak... Zailetik dezente izan du Nysek, baina ziklo-krosaren aldaketari begietara begiratzen asmatu izan du beti. Munduko Kopako garaipenak ospatzen ari zen 22 urterekin, eta hala jarraitzen du 39rekin. Eta opari «sinestezinak» egiten jarraitzeko erronka dauka oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.