Oparirik ez egitea da Eibarren xedea, partida irabazi ahal izateko

Valentzian jokatuko du gaur Levanteren aurka, eta hiru puntuen premia gorria dauka Josu Uriberen taldeak

Erredakzioa
Donostia
2009ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Oso gogorra da astea joan eta astea etorri arrazoi beragatik puntuak galtzea. Are gordinagoa da arrazoi hori jokalariek egindako hutsegite larrien zerrenda amaigabea baldin bada. Alferrik delako partida txukuna egitea. Ez duelako asko balio entrenamenduetan lan ona egiteak. Akatsek dena baldintzatzen dute, eta ez onerako: lan on guztia pikutara botatzen dute.

Horrelaxe dabil Eibar ia sasoi osoan. Puntuak oparitu eta puntuak oparitu. Eta, jakina, sailkapenean ere toki ederrean dago, salbazioa bost puntura duela. Horregatik, puntu premia gorrian da Josu Uriberen taldea. Baina puntuak pilatzeko ezin dute oparirik egin, eta horixe da gainerako guztiaren oinarria. Hain akats larriak egiten ez badituzte, hiru puntuak lortzeko aukera izango dute. Baloirik gabeko lanean txukun ari delako taldea, nahiz eta erasoan kamuts antzean jardun. Ezaugarri horiek guztiak ditu egungo Eibarrek. Alferrik da orain negarrez hastea, eta daukanarekin egin beharko du zulotik ateratzeko ahalegina.

Uribek badaki zer duen esku artean, eta arlo psikolokigoa aipatu du gaurkoari begira, Levante ez gora ez behera dagoelako, lasai antzean: «Talde ona da, baina oldarkorragoak izan behar dugu, kontzentratuta jokatu, eta gauza horietan Eibarrek izan behar du Bigarren Mailako onena».

Hamaikakoari dagokionez, Raul Garciak ordezkatuko du Aitor Lopez Rekarte, eta aurrelari lanetan Rudy Carlierrek segituko du, Javi Ballesteros aurrelari iritsi berria aulkian izango baita ziurrenik.



LEVANTE-EIBAR

Levante. Reina; Molinero, Tena, Ballesteros, Angel; Miguel Perez, Iborra, Samuel, Jorge Pina, Ruben; eta Xisco Nadal.

Eibar. Pampin; Urtzelai, Añibarro, Biel, Raul Garcia; Alaña, Lombraña; Carlos Ruben, Insa, Sutil; eta Carlier.

Epailea. Martinez Franco.

Lekua. Ciutat de Valencia (25.354 ikusle).

Ordua. 17:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.